#2020Koronabirusa2021

Gipuzkoan birusak eragindako lehen hildakoa andoaindarra zela adierazi zuten, gaur urtebete

Jon Ander Ubeda 2021ko mar. 10a, 07:40

Gaurko egunez, Covid-19k eragindako Gipuzkoako lehen biktima Andoaindarra zela jakinarazi zen. 69 urteko emakumezkoa, eta Osakidetzak aurreratu zuenez, “aurretiaz gaixotasun gehiago zituen”.

Udalak agerraldia egin zuen, lasaitasun mezua zabaltzeko. Haren senitartekoak joan zen igandean, martxoaren 7an, urteurreneko meza ospatu zuten San Martin elizan.

Zetorrenari neurria hartzeko geunden oraindik. Osakidetzak orduko hartan adierazitako datua adierazgarria da, urte bat geroago: Martxoaren 8tik 9ra 46 kasu gehiago antzeman ziren EAEn, koronabiruseko 144 kasu positibo erregistratzeraino. Gaurko egunez kasuistika apal horretan bageunde, pozarren geundeke.

Haur txikiak ditugun gurasook tenperatura hartzeari ekin genion, haurrak eskolara eraman aurretik. Osakidetzaren oharra horrela jaso genuen Aiurrin: “37C-ko tenperatura badu edota arnasa hartzeko arazoak antzematen bazaizkio, haurra etxean uztea eskatu dute”. Gutxi iraun zuen tenperatura hartzeko goizeroko ariketak. Azkar batean itxi baitzituzten ikastetxeak, berriro ere ez zabaltzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!