Intzidentzia-tasagatik ezagutzen dugunak, 14 egunetan, eremu jakin batean 100.000 biztanleko izan diren kutsatu kopurua adierazten digu. Atzerapena duen indikadore edo adierazlea da, gaur argitaratuko den intzidentzia-tasak duela 14 egunetako kutsatuak ere kontutan hartzen dituelako.
Baina zergatik hartzen dira 14 egun, eta ez 1, 2 edo 5? Besteak beste, egunero ez delako proba kopuru bera egiten, eta batez ere, asteburutan askoz ere proba gutxiago egiten direlako; horrek intzidentzia-tasaren jaitsiera edo igoera nabarmena ekar zezakeen, pandemian aldaketa handirik suertatzen ez bada ere. Biztanle gutxiko eremuetan, gainera, kutsatu kopuruan aldaketa txiki batek eragin izugarria ekarriko luke intzidentzia-tasan.
Baina zergatik ez dira hartzen 7 egun, orduan? Teorian, astean zehar jaiegunak izan daitezkeelako, egiten den proba kopurua murriztuz, eta beraz, pandemiaren joeraren inguruan ondorio okerrak eraginez. Baina, praktikan, aztertzen den esparruaren biztanleria txikiegia ez bada, joera berdin-berdina antzeman daiteke 7 egunetan, erabakiak lehenago hartzea ahalbideratuz. Ondorengo grafikoak Euskal Autonomi Erkidegoko 7 eta 14 egunetako intzidentzia-tasaren garapena erakusten du; bertan oso erraz antzeman daiteke bien artean ez dagoela desberdintasun handirik (7 egunetako intzidentzia-tasa bigatik biderkatu dugu, 14 egunekoarekin erraz alderatu ahal izateko).
Eusko Jaurlaritzak, zenbait erabakietarako, 14 eguneko intzidentzia-tasa hartzen du kontutan bakarrik. Horrela, 2020ko abenduaren 12an ostalaritza irekitzeko baimena eman zuen 14 egunetako intzidentzia-tasa 500 azpitik zuten udalerrietan. Eta Beasainek 492 zuenez, bertako tabernak ireki zituzten. 7 egunetako intzidentzia-tasa jada 613an zegoen, baina atzerapen handiagoa duen indikadoreari egin zitzaion kasu, bi egun beranduago tabernak berriro itxi behar izateko.
Europan herrialde askotan 7 egunetako intzidentzia-tasa erabiltzen dute batez ere, eta Estatu mailan, zenbait adituk bi intzidentzia-tasak hartu behar direla kontutan irizten diote. Euskal Autonomi Erkidegoan, gutxienez, lauzpabost egunetako atzerapenarekin hartzen ditugu erabakiak kasu askotan. Horra, indikadore egokia erabiltzearen garrantzia.