Iker Karrera: jatorriz euskaraz idatzitakoaren gaztelaniazko bertsioa kaleratu dute

Xabier Lasa 2021ko mar. 18a, 13:23

Iker Karrera eliteko mendi korrikalari ohiarekin Unai Ugartemendia andoaindarrak idatzitako Bidea Ipar liburuaren gaztelerazko bertsioa aurkeztu zuten Donostiako Aquariumen, atzo. Hitzaurrearen egile den KilianJornetekin zuzenean mintzatzeko aukera eduki zuten ekitaldian. Jatorrizkoarekin edukitako arrakasta Iker cabeza de Karrera-rekin ere edukitzea espero dute.

Unai Ugartemendia kazetari eta idazlea eta Iker Karrera liburuaren protagonista nagusia, biak Aquariumeko ekitaldian bertan izan ziren, Aitor Elduaien kazetariak aurkeztuta. Ikusleek, izurritea-dela eta ezarritako gehienezko aforoa bete zuten, iaz euskaraz argitaratu zenetik Iker Karreraren inguruko biografia-elkarrizketak ikusmina pizten segitzen duen seinale. Egia esanda, esan daiteke Aquariumeko aretotik asebeteta irten zirela ikusleak, izan ere, mendi-lasterketei buruzko hainbat alderdi interesgarri jorratu baitziren: Karreraren gaztaroa (Lizeaga baserria, Txindokiko paraje naturalak…), urtetan burututako bakarkako erronkak (Txindoki, Chamonix-Zermat, Perdido-Aneto-Posets…); porrotek eta garaipenek eskaini ditzaketen irakaspenak; marka komertzialekiko eta sare sozialekiko morrontza…

 

Kilian Jornetekin zuzeneko solasaldia

Ekitaldian zehar, liburuaren hitzaurreaz arduratu den Kilian Jornet mendi korrikalari famatuarekin harremanetan jarri ziren. Norvegian bizi da, eta zuzenean pantaila handian agertuta, elkarrizketa mamitsua bezain umoretsua egiteko aukera eduki zuten.

Kilianek, Karrera, lasterkari-lehiakide gisa ez ezik, gizaki bezala ere definitu zuen zuzeneko konexio horretan. Lasterketak prestatzeko eta korritzeko Karrerak beti agertu izan duen zorroztasuna eta profesionaltasuna nabarmendu zuen batetik, eta baina baita ere, bestetik, emozioak adierazteko zurruna izan arren bidaide perfektua dela gaineratu zuen.

 

Itzulpena, lan gogorrena

Ugartemendiak adierazi zuen Karrerak eta biek Desnivel argitaletxearekin iaz konpromisua hartu zutela, lehenbizi jatorrizko bertsioa euskaraz idazteko, eta ondoren, gaztelaniara itzultzeko. Gehitu zuenez, euskaraz idaztea baino gehiago kostatu zaio itzulpena. “Liburua idazteko prozesu horretan, Iker eta biok hamabost bat bazkari egingo genituen elkarrekin; makina bat orduko solasaldiak egindakoak gara, baina ez dut uste gaztelaniaz hitz-erdirik egingo genuenik sekula”.

 

Desafioa botata, liburuaren irakurketarekin

Ekitaldiaren amaieran, mendi lasterkariekin ia erremediorik gabe ezkonduta doan marken atalari heldu zion Karrerak, berriro ere ironia erabiliz. “Lagun batek esan dit liburua hartu eta lau ordu eta laurdenean irakurri duela, hasi eta buka; bidean, melokotoi zumo bat eta bi magdalena jan ditu besterik ez”.

Horratx Donostian atzo zabaldu zuten desafioa, ia nork hautsi marka!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!