“Euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan”, adierazi du AEK-k, “baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere”. Aitzitik, gaineratu dute erakundetik arlo horren finantzaketa ez dela aski: “Herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude”.
Horrenbestez, hurrengo hilotan, “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!” izeneko dinamika jarriko du abian AEK-k. Hiru ardatz izango ditu aipatutako egitasmoak:
- 2021eko gutuna. Gutun bat helaraziko die AEK-k Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen adierazteko. Era berean, euskara sustatzeko lanetan diharduten eragileekin lan-ildo komuna jorratzen ari da, "gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako".
- Herritarren bultzada nahi dute AEK-ko kideek, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dira martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta ditu AEK-k eguerdiko 12:00etan ekitaldiak gauzatzeko, baina behin-betiko zerrenda ez da oraindik itxi.
- Azkenik, martxoaren amaierara arte, "Bultza euskaltegiak Bultza euskara! Egizu ekarpena" kanpaina ere abiatu du AEK-k: “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean”. Zorrak kitatzeko lan horretan herritarren sostengua berebizikotzat jotzen du erakundeak. Ekarpenak AEKren webgunean egin litezke, hainbat eratan.
Finean, argi du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak: “Agerian utzi nahi dugu, egun ere, euskaltegion ezinbesteko rola Euskal Herri euskalduna izango badugu; eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa zaigu. Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!”.