SOS Ostalaritzakoen protesta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan

Aiurri 2021ko mar. 29a, 13:00

Gaurkoan protesta ekitaldia egin du SOS Ostalaritza ekimenak, Donostian. Manifestua zabaldu dute, ondoren.

“Gaur Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitza okupatu dugu, Urkulluren Gobernuak beste behin ere ostalaritza aurkeztu duelako izurritearen bilakaeraren erantzule eta errudun bezala.

Argi utzi nahi dugu ez gaudela irekita! Urte oso bat daramagu %30ean lan egiten eta honek egoera oso larri batean uzten gaitu. Taberna askok eta askok itxi dute dagoeneko eta beste hainbestek ere etorkizun iluna izango dugu beharrezko neurriak hartzen ez badira.

Horregatik Urkulluren Gobernuari exijitzen diogu:

  1. Ostalaritzari eragiten dioten neurri murriztaile bakoitzaren argitalpenari, dagokion konpentsazio ekonomikoa argitzeko, establezimendu bakoitzaren ezaugarrietara egokituko den atal bat eranstea. Gainera, %100eko lanera itzuli bitartean, atzeraeraginezko laguntza ekonomikoa izan behar dute konpentsazio ekonomiko guztiek.
  2. Zergen ezabapena: Alokairuen atxikipena; IRPFaren murrizketa; BEZ-aren aldi baterako jaitsiera eta zaborren, uraren edota terrazen zergak kentzea.
  3. Langileen soldatak osatzea eta ERTEeetan dauden irregulartasunak zuzentzea.
  4. Bizkortasun burokratikoa. Laguntza eskaeren, ERTEen… izapideen erreztea eta malgutzea.

Horregatik, Ostalaritzako sektore osoari antolatzeko eta mobilizatzeko deia egiten diogu, egoera larri hau lehen bait lehen konpondu dadin.

Gure lan eta bizitzak inporta dutelako! Duintasuna eta errespetua!

Denon artean lortuko dugu!”.

SOS Ostalaritza

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!