Leitzarango Bisitarien Etxeak ostegunean irekiko ditu ateak

Aiurri 2021ko mar. 31a, 12:34

Aste Santuko egunetan Hiribusak zerbitzua eskainiko du Otietara. Asteburu eta jaiegunetan Otieta eta Olazarrera doan GI3091 errepidea ibilgailuentzat itxi egingo dute, “turismo jasangarria sustatzeko helburuarekin”.

Bihartik aurrera, Leitzarango Bisitarien Etxeak denboraldi berriari ekingo dio. Bihartik aurrera, Leitzaran-Plazaola Bide Berdeari eta Andoaini buruzko informazio turistikoa eskainiko dute bertatik. Zentroak goizeko 10:30etatik arratsaldeko 18:30etara bitarteko ordutegia izango du.

 

Hiribus zerbitzu berezia: Joan-etorria Otietara.

Apirilak 1, 2, 3, 4 eta 5.

Ordutegia: 10:00; 11:00; 12:00 / 17:00; 18:00; 19:00.

 

Udalak zabaldu duen oharraren arabera, hauexek izango dira zerbitzuak: “Bisitak eskainiko dira Leizaran ibaiaren Biotopo Babestua eta hura hartzen duen harana ikuspegi hidraulikotik erakusten duen Uraren Interpretazio Zentroan. Halaber, ibilaldi gidatuak diseinatu dira Leitzarango ingurune naturalean eta inguruetan flora, fauna eta mitologia ezagutzeko. Eta bizikletaz edo bizikleta elektrikoz bide berdetik hainbat tour egiteko aukera eskainiko da, ibilgailuok alokatzeko aukerarekin”.

Otieta-Olazar aldera GI3091 errepidea:

Errepidea itxita asteburu eta jai egunetan.

Zentroaren eskaintza eta agenda hainbat jarduerarekin osatuko dira, hala nola: GPSa erabiltzeko ikastaroa, sendabelarrei eta ukenduei buruzko tailerra edo hegaztientzako habiak sortzeko tailerrak. Denboraldi berri honetarako, Leitzaran Bisitarien Etxeak lankidetza-akordioak bultzatuko ditu Andoaingo Udaleko Kultura eta Gazteria sailekin.

Kulturatik, Txitxu Ruiz zinegotziak aurreratu duenez, "Uztailean, Leitzaran bailara musika eta kultura ekitaldi oso berezi baterako eszenatoki gisa erabiliko da. Erronka bat izango da, logistikaren ikuspegitik, baita COVID-19aren aurkako segurtasun-neurri eta -protokoloen kudeaketaren ikuspegitik ere". Mari Jose Izagirre zinegotziak aurreratu duenez, gazteria saila "lanean ari da udan Leitzaran Abentura udalekuak bailaran bultzatzeko, bertan kirola, natura eta abentura ardatz hartuta".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!