Errenta aitorpenari dagokion kanpaina hastear da

Aiurri 2021ko api. 2a, 09:56

Apirilaren 12aren eta ekainaren 30aren artean egingo da errentari dagokion kanpaina, eta foru erakundeak Zergabidea plataforma bihurtu nahi du protagonista.

Zergadunek lainoaren bitartez aurkeztu ditzakete beraien aitorpenak, simulazioak egin, datuak kontsultatu, aitorpenak moldatu eta aldatu… “Seguruenik, gaur gaurkoz Ogasunak duen tresnarik ahaltsuena da Zergabidea, eta herritarren eskura dagoena gainera. Argi dago etorkizuna dela”, esan du Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Kanpainaren emaitzari erreparatuta, aurreikuspenen arabera 292,1 milioi euro itzuli eta 273,2 milioi euro jasoko ditu foru erakundeak. “Kanpainaren saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da, pasa den urtekoa baino 39 milioi euro txarragoa, batez ere pandemiaren eraginez”, esan du foru arduradunak.

Peronak gogoratu duenez, apirilean hasiko den kanpainak 2020 urtea zergapetzen du, “pandemiaren urtea”. “Pandemiak nabarmen eragin zion jarduera ekonomikoari, eta laguntza ezberdinak jarri ziren martxan eta neurri ezberdinak jarri genituen martxan fiskalitatearen arlotik. Honek, argi dago, nabarmen eragingo dio kanpainaren nondik norakoei. Hala ere, eta pasa den urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, esan dezakegu egoera epidemiologikoa gaur gaurkoz hobea dela, eta horri esker “normaltasunaren” barruan egingo dugula lan”, esan du.

Teknologia berrien aldeko apustuarekin batera, Peronak nabarmendu du Gipuzkoako Ogasunak aurrez aurreko arretaren aldeko baliabideen alde ere egiten jarraitzen duela. “Oraindik badaude zenbait kolektibo zerbitzu hau ezinbestekotzat dutenak; hau da, digitalizazioa bai, baina inor atzean utzi gabe”, esan du. Aurrezko aurreko arreta mantentzeko, eta 11 bulego egongo dira irekita, lurraldeko 9 herri ezberdinetan, non 120 lagunek egingo dute lan arreta presentzialean. “Herritarrek asko baloratzen duten zerbitzua da, 10etik 9ko balorazio eskuratu ohi du asebetetze inkestetan. Kalitatezko zerbitzua da, pertsonal propioarekin ematen duguna, eta berme guztiak eskaintzen dituena”, gaineratu du.

Bide batez, foru diputatuak agerraldia aprobetxatu eta herritarrei dei egin die, kanpaina honetan aitorpena euskaraz aurkeztera. “Zerga administrazioa prest dago, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera: euskara aukeratu, eta zerbitzu bikaina hartzera”.

Hiru modalitate

Aurten 258.334 proposamen bidali ditu Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunen etxeetara. Hauetatik, 166.888 itzultzera dira, eta 91.446 ordaintzera. Proposamena onartzeko bi bide daude, internet edo telefonoz (943113000).

Bigarren modalitatea Errenta mekanizatua da, bulegoetan aurrez aurre egiten dena. “Badaude oraindik ere aurrez aurreko arreta behar duten kolektiboak, eta batez ere beraietan pentsatuta ematen dugu zerbitzua da”, azaldu du. “Kalitatezko zerbitzua da, langileria propioarekin ematen duguna”, gaineratu du. Hitzorduak hartzeko epea apirilaren 16tik ekainaren 8ra egongo da irekita, eta telefonoz edo internetez hartu daitezke.

Azkenik, hirugarren modalitatea Zergabidea plataformaren bitartez egiten den online modalitatea da. “Pasa den urtean, pandemia zela eta, gehien hazi zen modalitatea izan zen”. Bertara sartzeko, klabe operatiboa, B@kQ, ziurtagiri elektronikoa edo BAK kodea beharko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!