Abian da 'Bidaiateka' lehiaketa Buruntzaldeko gazteentzat

Aiurri 2021ko api. 6a, 12:00

Urnietako Gazte Informazio Puntuak "Bidaiateka" lehiaketa jarriko du aurki martxan, eskualdeko gazteen mugikortasuna sustatzeko helburuz. Modu honetan, gazteek azken urteotan bizitako esperientzia interesgarrien berri emateko aukera izango dute.

Buruntzaldeko edozein Udaletan (Urnieta, Hernani, Astigarraga, Usurbil, Andoain eta Lasarte) bizi, ikasi edo lan egiten duten eta 2005a baino lehenago jaiotako gazte bidaiazaleek aukera paregabea dute haien bidaiaren bat ezagutzera emateko: nolako esperientzia izan zen, nola antolatu zuen bidaia, zein ibilbide burutu zuen, zer ikusi eta ikasi zuen...
 

Lehiaketaren nondik norakoak

Lehiaketa Instagram bidez egingo da eta bi fase izango ditu: aurkezpen fasea eta azken fasea. Lehenengo fasean, 60 segundoko bideoa igo beharko da eta bidaiaren aurkezpena egin behar du parte-hartzaileak bertan. Horretaz gain, @gazteinfournieta profila jarraitu beharko da eta Feed-eko testuan @gazteinfournieta mentzionatu, baita #BidaiatekaUrnieta traola erabili ere. Aurkezpen fasean bideoa igotzeko epea apirilaren 19an irekiko da eta, aldiz, apirilaren 21ean itxi. Edozein bidaiak baliko du, Covid 19-a hasi aurretik eginikoek zein azken hilabeteotan burututakoek. 

Hautagaien artean, apirilaren 23 arte ahalik eta “atsegin dut” gehien lortzea izango da helburua, izan ere, “atsegin dut” kopuru handienak eskuratzen dituzten 3 bideoak izango dira azken fasera igaroko direnak. “Atsegin dut” kopuruan berdinketa suertatzen bada, berriz, epaimahaiak erabakiko du berdindutakoen arten zein igaroko den azken fasera. 

Azken fasean lehiatzeko hautatuak izaten diren pertsonek bidaiaren informazio zabalagoa emanez gehienez 5 minutuko iraupena izango duen bideo bat prestatu eta bidali beharko dute gazteinformazioa@urnieta.eus helbidera. Horretarako azken eguna maiatzaren 3a izango dute. 

Sariak

Hiru bideo horiek @gazteinfournieta-ko instagram kontura igoko dira eta bideo irabazlea hautatzeko orduan ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:

  • Bistaratzeak
  • “Gustuko dut” kopurua.
  • Epaimahaiaren puntuazioa. 

Hiru alor horietan puntu gehien batzen dituen bideoa izango da irabazlea eta sariak, berriz, ondorengoak:

  • 1.postua: 300 euro
  • 2.postua: 200 euro
  • 3.postua: 100 euro

Bestalde, bideo-lehiaketara aurkeztutako, baina azken fasera igarotzea lortzen ez duten pertsonen artean hiru bidaia-gida zozkatuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!