Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia da. Aurtengoa 18. edizioa izan da, eta hilabete honetan jaialdiko hainbat lan ikusgai izango dira Asteasun, Amasa-Villabonan eta Adunan. Edizio honetako leloa “Zalantza izpirik gabe” izan da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin. Antolatzaileen ahotan: "Aurtengoan, beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.
“ZG_Hedapena”, eskualdean Jaialdia Bilbon amaitu eta gutxira, Zinegoak jaialdiak ibilbidea hasi zuen Euskal Herrian barrena, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiagok parte hartu dute. Lehen aldiz parte hartuko dutenen artean dago Aduna. Aiztondon barrena, hiru saio antolatu dituzte:
- Asteasu: Apirilak 16, ostirala. Udaletxeko Ikus-entzunezko gela.
- Amasa-Villabona. Apirilak 29, osteguna. Gurea zinema.
- Aduna: Apirilak 30, ostirala. Kultur aretoa.
“Red bay” eta “Hemen.gaur.berriz” euskal ekoizpenez gain, nazioarteko beste lau gehiago ikusteko aukera izango da hiru herrietan: “Leo y Alex en pleno siglo XXI”, “Mall”, “Karaoke” eta “La amante”.