Auto artean: zaletasuna, pasioa eta lasterketak

Mikel Arberas 2021ko api. 9a, 09:00

Eneko Lazcoz eta Roke Canflanca BMW serie3ko E30 eta E36 modeloekin.

Ibilgailuak geure egunerokotasunaren zati dira, neurri handiagoan edo txikiagoan. Baina, badira lau gurpileko makina horiek biziki gogoko dituztenak; lanetik atera eta pozarren garajean sartu edota asteburuetan lasterketak ikustera joaten direnak.

Autoak. Motoak. Afizioa. Klasikoak. Berriak. Soinu ederra edo gorrotagarria ateratzen dituzten ibilgailuak. Edozer dela ere, azken urteotan autoen gaineko afizioa eta interesa izugarri handitu da. Euskal komunitatean, puska garrantzitsua bereganatu du; zer esanik ez gazteen artean, baina baita helduen artean ere. Eguneko edozein mementotan ikus daitezke horrelako autoak, eraldaketak jasan dituztenak eta ikuskizuna emateko prestatuak. Aurkako eta aldeko iritziak askotarikoak dira, baina gauza bat argi dago: kultura da. Zaleak asko dira, adin guztietakoak, gainera; profesionalki, arlo honetan aritzen direnak ere badaude; pasioa sorrarazten duten lau gurpileko gailuak dira. 

Munduan, afizioa eta emozioa sorrarazten duten arloa ezagutzeko asmoz, hainbat kotxezalerekin hitz egin du Aiurrik; besteak beste, Eneko Lazcoz, Roke Canflanca, Debora Frutos eta Martin Esnaolarekin. Guztiek dute zer esana. Guztiak dira kotxezaleak. Esaterako, Lazcozek eta Canflancak garaje bat hartu dute bederatzi lagunekin batera. Debora Frutos pilotu eta kopilotu gisa aritzen da rally lasterketetan. Martin Esnaolak auto ugari ditu, batez ere, klasikoak. Modu batera edo bestera, ibilgailuen afizioa partekatzen dute, nork bere erara. 

Martin Esnaola Ford Sierra Cosworth RS, Ford Fiesta Super Sport eta BMW 325 modeloekin. ©Martin Esnaola

Baina nola has liteke gazte bat mundu horretan murgiltzen? Lau elkarrizketatuek oso gaztetatik gustuko dituzte motordun ibilgailuak. Lazcozek: “Egun batean, aitarekin Jaizkibelera joan nintzen nire lehen rally lasterketa ikustera. 10 urte nituen eta txundituta geratu nintzen. Egun hartatik aurrera, zale amorratu bilakatu nintzen. Nire kasuan, 14 urterekin lagun batekin rally batera joan nintzen. Egun kotxeen munduan murgilduta nago”, gehitu du Canflancak.

Autoak eta rallyak hobby izanda, askorentzat egunerokotasunetik ihes egiteko modua da. Esnaola adunarrak hamarkadak daramatza autoekin jolasean eta lanean: “Nire lan orduetatik kanpo, ia egun guztia autoekin lanean aritzen naiz, konpontzen, berritzen edota eraldaketak egiten. Batez ere, auto klasikoak edo zaharrak gustatzen zaizkit. Nire garaikoak. Gainera, zera esango dizut, gogokoago dudala autoak konpontzea gidatzea baino. Oso zalea naiz”. Debora Frutosen kasuan ere, errutinatik aldentzen laguntzen dion zaletasuna da. Haren esanetan, egun txarra edukita, autoa hartu eta ibilbide bat egitea izugarria da. Ihes egiteko modu bat. 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 578. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!