Andoaingo Txirrindulari Eskolaren eskarmentua, Itzuliaren zerbitzura

Jon Ander Ubeda 2021ko api. 8a, 11:28

Goizeko 10:00ak dira. Udaltzaingoa, Zerbitzuen lansaila eta Andoaingo Txirrindulari Eskola lasterketa behar bezala igarotzeko lanean ari dira. Barberenak eskualdeko udalerrietatik dei asko jaso ditu, azken egunetan. Denbora tarte txikian 35 lagun elkartzea lortu du, lasterketaren bide-segurtasuna bermatzeko.

Tokian tokiko eragileak garrantzia handikoak dira, horrelako egunetan. Ezinbestekoak, esango genuke. Barberenak eta Andoaingo Txirrindulari Eskolak eskarmentu handia du, hamarkadak eman dituztelako proba ezberdinen antolaketan. Jubenil mailakoa edota profesional mailakoa izan, txirrindularientzat arriskuak beretsuak dira. Seinaleztapen egokia, hesiak eta bidean diren laguntzaileen oharrak garrantzia handikoak dira, beraz.

Jubenil mailakoa edota profesional mailakoa izan, txirrindularientzat arriskuak beretsuak dira. Seinaleztapen egokia, hesiak eta bidean diren laguntzaileen oharrak garrantzia handikoak dira, beraz.

COVID-19 garaian, ikuslegoaren presentzia txikiagoa izango da. Bereziki, agintariek horrela eskatu dutelako. Baina bide segurtasuna bermatu beharra dago, bereziki txirrindulariak gogoan hartuta.

Goizean Kaletxikin aurkitu dugu Barberena, Kaletxikiko irteera baita arrisku gune posibleetako bat. Goikoplazan tarteko helmuga ipini dute, eta maldan behera abiadura hartuko dute. Ama Kandida kongregazioaren etxe ondoan bidea estutu egiten da, eta metro gutxira biribilgunea dator. Txirrindularien begietara oso argi geratu behar du bidea estutu egiten dela, eta Urnieta aldera joan behar dutela. Tropelean joanda, txirrindulariek informazio hori azkar batean barneratu behar dute, eta horretarako garrantzia handikoa da goizean zehar egiten ari diren lana.

Barberenak denbora tarte txikian 35 laguneko koadrilla elkartu du udalerrian barrena bide segurtasuna bermatzeko. Eta inguruko udalerri askorekin harremanetan izan da, eskatu dizkion orori aholkuak eta gomendioak emateko.

Itzulia eskualdean barrena igarotzea gauza ederra da, ederragoa udalerriko kaleetatik igarotzen denean. Gauzak ondo egin behar dira, arriskuak ahalik eta gehien murrizteko. Errepidea igarotzen den unean alerta piztuko da Kaletxikiko alde horretan.

Kezka du Barberenak, Urnietako Idiazabal kalean Zaldundegi parean dauden bolardoekin. Txirrindulariek ez dituzte horrelakoak batere maite. Erritmo bizian joanez gero, arrisku handikoa izan daiteke.

Eguerdirako, ordea, Idiazabal kaleko bolardoak kendu egin dituzte. Bideoan, ikusgai:

Eskualdean barrena igaro arte, lasterketa eurek antolatutakoa balitz bezala biziko dute Barberenak eta bere lankideek. Bere txikitasunean, Andoaingo eskolaren eta herrietako eragile askoren lana handia da. Handia, eta ezinbestekoa.

 

Erlazionatuak

Itzuliaren prestaketa lanak

Jon Ander Ubeda 2021 api 08 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!