Erronka berriei egokitzen
Munduak eta euskal gizarteak bizi duen etengabeko bilakaerarekin batera, erronka eta aldaketa berriei egokitu eta berritzeko grina izan du urteotan EMUNek; erronka sozialei erantzun berriak eta berritzaileak proposatuaz, metodologia eta egiteko modu berriak probatuaz, inguruan gertatzen dena adi behatu eta entzuteko jarrera irekiarekin. Urte luzez enpresetan ondutako terrenoko ezagutza eta esperientzia metatuak eremu berrietan ere aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko aukera eman dio EMUNi eta euskararekin irekitako bideei berrikuntza sozialari lotutako lan lerroak gehitu zitzaizkien duela hamar urte.
Egungo gizarteak bizi dituen erronkak eta kezkak askotarikoak eta konplexuak dira, dela genero berdintasunarena edota inklusioarena, hezkuntza eta lan munduak bizi izango duen digitalizazio prozesua, krisi klimatikoa zein energia eredua… eta EMUNek erronka horien aurrean gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza zerbitzuak eskaintzen ditu, eraldaketa soziala helburu izanik, emunkidea eta bezeroa erdigunean jarrita eta gainerako eragileekin elkarlana sustatuta. Askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu ondoko arloetan: genero berdintasuna, gobernantza eta parte hartzea, berrikuntza plataformak, aniztasuna, enpresen gizarte erantzunkizuna, euskara planak, itzulpenak, euskara formazioa, hausnarketa saioak...