Tradizioa eta modernitatea uztartu nahi dituzte. Tradizioa kirola bera da eta modernitatea, kamera berezien bitartez saioan zehar eskainiko diren irudiak izango dira. Hau da, lehen pertsonan ikusi ahal izango diren irudiak.
'Erremontari' saioan txapelketa guztia igortzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 12tik aurrera, astelehenero 22:15etan ETB1en eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du.
Sagardoaren Txapelketan sei bikotek sei sagardotegi ordezkatu dituzte: Etxarri-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Juanenea-Zubiri (Larre-Gain), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Goikoetxea V-Aizpuru III (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Ansa II-Labaka (Setien).
Beste sagardotegi bat ere izango da protagonista, 2019ko azken txapelduna, Petritegi. Aurtengo berezitasunik esanguratsuenetakoa da. 2019ko txapelduna denez, aurten Petritegik bikote guztietan izango du ordezkaritza.
Txapelketan guztiek elkarren aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara igaroko dira. Bi bikote kanporatuak izango dira.