Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXXIII. edizioa aurkeztu dute Donostian

Aiurri 2021ko api. 20a, 12:42

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpena egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izandako prentsaurrekoan. Bertan egon dira Andoaingo Udaleko ordezkariak: batetik, Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia zein alkateordea; bestetik, Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikaria. Horrez gain, Estibalitz Alkortak ere hartu du hitza, Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak. 

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurkezpena egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izandako prentsaurrekoan. Pasa den asteartean izan zen hitzordua eta bertara gerturatu ziren Andoaingo Udaleko ordezkariak: batetik, Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia zein alkateordea; bestetik, Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikaria. Horrez gain, Estibalitz Alkortak ere hartu zuen hitza, Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak.

Idazle andoaindarraren jaiotzaren lehen mendeurrena ardatz, “Martin Ugalde gogoan” lelopean ospatuko da sari-banaketa, hain zuzen ere, azaroaren 25ean, Andoaingo Bastero Kulturgunean izanen den ekitaldian. “Neurri batean, Martin Ugalde eta Rikardo Arregi batuko ditugu”, adierazi zuen Huitzik, “biak izan baitziren, euskarazko kazetaritzari bultzada ematerakoan, aitzindari eta sustatzaile”. Horiek horrela, irailaren 17an amaituko da hautagaitzen berri emateko aukera: nork bere burua aurkeztu dezake, baita beste norbaiten aldeko proposamena egin ere. Orain bi urteko joerari eutsita, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza Saria” eta “Komunikazio Saria”. Iragan urtean, Euskadi Irratiko “Osasun etxea” saioak eraman zuen kazetaritzari bideratutako saria. Aldiz, “Egunean Behin” jokoa izan zen komunikazioaren arloko saridun. 

Euskara suspertzeko tresna baliotsutzat jo zituen Andoaingo alkateordeak kazetaritza eta komunikazioa, eta, hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaio bi esparru horietan “euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotzea eta areagotzea”. Hala, gehitu zuen horretan aletxoa ipintzea duela helburu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Jarraian, Baztarrikak eman zion jarraipena prentsaurrekoari aurtengo edizioaren xehetasunak zehazte aldera: Kazetaritza Sariari dagokionez, 2020ko apirilaren 16tik 2021eko irailaren 15era bitarte edozein euskarritan euskaraz plazaratutako kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira. Bestalde, Komunikazio Sarian, Udaleko Euskara teknikariaren hitzetan, “oso garrantzitsua da berritzailea izatea edozertan; kalitatezkoa, bide urratzailea izatea, hots, bide berriak irekitzen dituen zerbait euskal komunitatearentzat”.

Hitzordua borobiltzeko, Alkortak adierazi zuen euskarak hedabideetan izandako garapenaren lekukotzarik bikainena dela Rikardo Arregi Kazetaritza Saria: “Zorionez, non begiratu, zer baloratu eta nor saritu, inoiz baino aukera gehiago ematen dute euskarazko hedabideek eta euskaraz landutako komunikazioak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!