Guernica obraren txokolatezko erreplika, euskal gozogileen eskutik

Xabier Lasa 2021ko api. 21a, 12:16

Euskal Gozogileen Federazioa ideia irudimentsua gauzatzen ari da egunotan, Guernica margolan famatua txokolatez irudikatuz. Igandean Gernikan aurkeztuko dute. Laster 84 urte beteko dira Bizkaiko herria bonbardatu zutela, eta izugarrikeria hura pairatu zuten herritarrei omenaldi berezia eskaini nahi diete era horretan. Eskualdetik, Joxe Arruti asteasuarra (Arruti gozotegia) eta Joxe Mari Galparsoro andoaindarra (Iñaxi gozotegia) ari dira esku hartzen, egitasmoan. Hernaniko Oa gozotegiko Miren Lukasen adierazpenak ikus litezke honako bideoan:

Euskal Herriko hainbat gozogilek Lezoko industria pabilioi batean, apirilaren 12an heldu zioten ekimen horri, eta azken ukituak egiten dabiltza egunotan. Elkarteko 40 bat gozogilek osatzen dute lan taldea, eta ahal duenak ahal duenean lan eginez ari dira osatzen txokolatezko erreplika.

Pablo Picasoren Guernica kuadroaren neurri berberak ditu piezak: 3,5 metro altueran eta 7,7 metro zabaleran. 500 kilo kakao erabili dituzte; hiru txokolate mota, belgiar zuria, beltza eta esnezkoa.

Pazientzia handia eskatzen duen lan prozesuari heldu diote: hamalau plantilla osatu dituzte, eta horien gainean ari dira ipintzen txokolatea. Kuadro orijinalaren zati bakoitzak bere geruza eta testura eskatzen duenez, teknika desberdinekin ari dira jokatzen: pintzelekin, eurek sortutako moldeekin, pistola erabiliz...".

Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, txokolate erraldoi baten gisara baino gehiago artelan baten eran ikustea nahi dute. Picasoren obrari eta bere sinbologia guztiari zor zaien errespetutik abiatuta, Gernikako biktimei gorazarre egin nahi zaie, horretarako euskal gastronomiaren atalean ahaztu samar dagoen gozogintzaz baliatuta.

 

Gernikan aurkezpena, igande honetan

Apirilaren 12an ekin zioten lanari, eta igande honetan Gernikara eramateko asmoa daukate, bertan erakusgai jartzeko. Nazien, italiarren eta frankisten hegazkinek Gernikako herria 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten, eta beraz, 84 urte beteko dira. Oraingoz, zehaztuta daukate Gernikatik Iruñea eta Baionara eramatea, eta baita gero Madrilera. Material hauskorra da txokolatea, eta koltxoien artean babestuko dute garraiatzerako orduan, bideko dardarak ekiditeko.

Mundu osoan, biztanleria zibilaren kontrako eraso bortitzaren sinbolo bilakatu da Picassoren kuadroa, eta pentsa ezin ziren formatu, euskarri, material edo kontsumo objetuetan irudikatu izan da 1937an sortu zenez geroztik. Bada, irudi ikonikoa txokolatera ere eraman dute orain, era horretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!