Greba deialdia funtzio publikoan

Jon Ander Ubeda 2021ko api. 22a, 07:53

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta, "Udaletan eta foru aldundietan ere, enplegua sortu eta kontsolidatu" izenburupean.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok, langile publikoek bizi duten egoera lazgarria dela ikusita, mobilizazio-dinamika bat antolatu dugu EAEko sektore publiko osoan. Udaletan eta Foru Aldundietan ere behin-behinekotasuna eta pribatizazioak dira nagusi; era berean, enplegua sortzeko eta ezkutuan dauden lanpostuak azaleratzeko arazo handiak izaten ari gara.

Udal eta Foru Aldundietan ditugun agintarien aldetik, nekez ikusten ari gara zerbitzu publikoak indartzearen aldeko jarrera. Behin-behinekotasun tasak geroz eta handiagoak dira; milaka langile daude behin-behineko kontratazioaren abusuan. Gure ustez, zerbitzu publikoen pribatizazio nahiak daude behin-behinekotasun tasa jasanezin hauen atzean, zerbitzu publikoak ahuldu eta negozio egitea, hain zuzen.

Horrekin batera, lan estrukturalak aurrera ateratzeko milaka lanpostu lanpostuen zerrendetatik kanpo mantentzen dituzte gure agintariek. Lanpostu horiek ez aitortzeak, negoziorako ateak parez-pare irekita uzten ditu. Kezkagarria da udaletan eta foru aldundietan diru publikoa esku pribatuetara nola bideratzen den ikustea. Horretarako, noski, erakundeetako kudeatzaileek erakunde publikoetan malgutasuna eta ezegonkortasuna sortzea beharrezkoa dute.

Ezin dugu, era berean, negoziazio kolektiboaren egoera aipatu gabe utzi. Madriletik datozen inposizio guztiak zintzo aplikatzen dira gure administrazioetan. Hori nahikoa ez eta, udaletan negoziazio kolektiboa ez da existitzen; aldebakartasuna eta inposizioa dira negoziazio mahaietan aurkitzen ditugunak. Zentzu honetan Eudelek egoerarekiko daukan ardura salatu nahi dugu. Negoziazio kolektiboa bultzatu baino, Madriletik etortzen diren irizpideak proposatzera mugatzen baita.

Hori guztia dela eta udal eta Foru Aldundiei behar diren neurriak hartu ditzatela eskatzen diegu:
estrukturalak diren lanpostuak aitortzea, estrukturalizatzea eta behin behineko langileak kontsolidatzeko behar diren neurriak hartzea, hain zuzen. Salbuespen egoera da, eta horri aurre egiteko salbuespenezko neurriak eta lege mekanismoak behar ditugu. Horrekin batera, ezinbestekoa da negoziazio kolektiboaren aktibazioa ematea. Mobilizazioak beharrezkoak dira, besteak beste, aldarrikapen hauek eskatzeko:

Orain mahai gainean dauden legegintza-proiektuen aldaketa, nahikoak ez baitira, enpleguaren finkapena bermatzen ez dutelako eta behin behineko kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzea ez dakartelako.

EAEko erakunde guztiei eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politikoei, aparteko kontsolidazio finkatze-prozesuak, bermatzaileak, negoziatuak eta nahitaez bete beharrekoak gaitzen dituzten arau-aldaketak bultza ditzaten.

  • Beharrezko mekanismoak artikulatzea.
  • Kontratazioan behin-behinekotasunaren abusua ezabatzera behartzen dutenak.
  • Egiturazko behar guztiak identifikatu eta azaleratzen dituztenak.
  • Plantillak areagotu behar dira, behar horien arabera, behin-behinekotasun handiko egungo agertokira itzultzea saihestuz.
  • Abian dauden LEPek kolektibo bakoitzaren beharren araberako aparteko neurriak barne hartzea, eta negoziazio kolektiboaren emaitza izatea.
  • Pribatizazioen eta kanporatzeen politikari amaiera ematea.
  • Plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat.

Pandemia honetan zerbait argi geratu bada, zerbitzu publikoak eta, gure kasuan, udalak eta foru aldundiak indartzeko beharra izan da.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuak grebara aterako gara apirilaren 22an EAEko sektore publiko osoan, enplegu publikoa sortzearen, aldi baterako enplegua finkatzearen eta hau pairatzen duten aldi baterako langileen kontsolidazioaren alde. Dinamika horren barruan, dei egiten dizuegu apirilaren 22ko mobilizazioetan parte hartzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!