Eskualdeko hiru bertsolari gazte, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ainhoa Gil 2021ko api. 22a, 11:31
Ane Zubia. Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Aratz Arzelus amasarrak, Beñat Mateos asteasuarrak eta Izar Zelarain billabonatarrak Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan abestuko dute. Prentsa ohar bidez jakinarazi dituzte xehetasun osoak: 

Saioetarako gonbidapenak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, saioaren aurreko astelehenetik aurrera.

Apirilaren 23an Oiartzunen hasi eta maiatzaren 28an Urnietan amaituko da 2021eko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Aurten, hogei bertsolari ariko dira kantuan eta horietatik hiru eskualdekoak dira: Aratz Arzelus amasarra, Beñat Mateos asteasuarra eta Izar Zelarain billabonatarra.

Aratz Arzelusek Asteasuko kanporaketan parte hartuko du, ekainaren 30ean. Saioa udaletxeko aretoan izango da, 19:00etan hasita eta gonbidapenak bertsosarrerak.eus atarian hartu ahal izango dira apirilaren 26tik aurrera. Beñat Mateos eta Izar Zelarain, berriz, Azpeitiako Soreasu antzokian ariko dira kantuan, maiatzaren 7an.

Lau kanporaketa izango ditu txapelketak eta sei bertsolarik eskuratuko dute maiatzaren 28an, Urnietan izango den finalerako txartela. Finalera pasako diren bertsolariak saio bakoitzeko irabazleak eta puntuazio onena duten beste bi bertsolariak izango dira.

Eskualdeko bertsolariak gogotsu daude txapelketaren atarian. Helburu nagusia “bertso eskolan erakutsitako maila erakustea” dela adierazi dute. “Ea urduritasunak ez digun gain hartzen eta goza dezakegun”, aitortu dute zenbaitek. 

Harituz Bertsozale Taldeak Asteasuko saiora gonbidatu nahi ditu eskualdeko bertsozaleak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!