111 Akademia saria eskuratu du Pello Lizarraldek

Aiurri 2021ko api. 29a, 19:00
©TTAP

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sustatzen duen sariketak aurtengo irabazlea iragarri du. Joxean Agirreren eta Pello Lizarralderen eleberrien artean egin da azken aukeraketa, eta Lizarralderen "Argiantza" nagusitu da. Sariketa 25. ediziora iritsi da. 

Bozketaren azken emaitza jasota jakin da finalean buruz buru geratu direla 2020ko eta 1995ko saridunak. Izan ere, Joxean Agirrek "Elgeta" eleberriarekin irabazi zuen lehen edizioan. Azken edizioko irabazlea, aldiz, Pello Lizarralde izan da. 

"Argiantza", 111 Akademiakoek aukeratu dutena

2020ko euskal liburuen artean, epaimahaikideek Pello Lizarralderen "Argiantza" aukeratu dute. Bozketa ezberdinak izan dira, eta finalera "Argiantza" eta Joxean Agirreren "Nobela errealista bat" iritsi ziren. Ekainean egin nahi duten sari banaketa ekitaldian, beraz, "Argiantza" izango da protagonista nagusia.

Eleberria 1982an kokatzen da, zinema aretoen industria gainbehera hasten denean. Egileak berak honakoa adierazi du, liburuaz hitz egiterakoan: "Bi hari daude eleberrian. Protagonistaren ibilbide existentzialista eta, bestea, protagonista eta gainerakoak inguratzen dituen egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa".

111 Akademia webgunean horrela jasota dago liburua:

Izenburua: Argiantza
Idazlea: Pello Lizarralde
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2020

1982ko irailean gaude eta Ramon Beitia, hainbat zine areto bere ardurapean dituen gerentea, ikuskatze lanetan murgildu da. Irabaziak beheraka ari ziren, eta nagusi gazteak, iritsi berria aitak utzi ziona gobernatzera, kontuak baino ez ditu buruan. Lotsa gutxi eta eskrupulu gutxiagoko horri negozioaren gordina azaldu beharrean da gerentea. Eta horrelaxe hasten da egun gutxiren bueltan errendituko den peripezia. Nola zeuden herrietako aretoak eta zertan zebiltzan haietako langileak.

Formalki pieza perfektua da, bere simetria soilduan; mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaio adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiaraziko digu egileak maisuki.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!