Pandemiaren irakurketa kolektiboa

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mai. 15a, 09:00

“Covid-19aren Liburu Zuria” osatu dute Euskal Herriko 44 adituk. Pandemiak gizarteko hainbat sektoretan izandako eragina aztertzea dute helburu, baita egoerari aurre egiteko proposamenak egitea ere.

Orain hamabost bat hilabete hasi zen guztia. Denbora laburrean, hankaz gora ipini zuen egunerokoa koronabirusak, eta, harrezkero, nork bere erara egin dio aurre pandemiak utzitako albo-kalteei, ez baitu inork birusaren hatzaparretatik ihes egiterik izan. Kaleetan ez ezik, komunikabideetan ere puri-purian egon da gaia, egun, koronabirusak hartu duela agenda mediatikoa, alegia. Albistegiek zein titularrek gauza bera dute hizpide egunez egun: pandemia. Bada, herritarren bizitza zeharkatu arren, ezjakintasuna izan da nagusi, hanka-sartzeak egon dira, baita beldurra ere.

Hala, hutsune horri erantzuteko helburuz, hainbat esparrutako 44 profesional elkartu ziren orain hilabete batzuk: beharrezkoa ikusten zuten egoera konplexuari ebidentzian oinarritutako begirada kritikoz erreparatzea. Nor bere esparrutik abiatuta, besteak beste, medikuen, irakasleen, ikertzaileen, eta abokatuen hitzek osatzen dute proiektua, “Covid-19aren Liburu Zuria”. Honako esparru hauek ontzen dute proiektuaren muina: osasuna, ekonomia, arlo soziala eta hezkuntza.

“Gardentasun eza”, dio Oier Ateka medikuak eta liburuaren egileetako batek, “geure esku informazioa ipintzea faltan sentitu dugu”. Ondorioz, jakintza-alor anitzetatik eutsi diote aferari, eta “ahalik eta begirada independenteenetik” jorratu dute. Ugo Mayor ikerlariaren esanetan, “modu koralean” egin dute lan txostena idazteko, “adar bakoitza ez baita independienteki garatu”. Nahiz eta liburuan esparru bakoitzak bere atala izan, egitasmoaren egileek nabarmendu dute garrantzitsua dela horien interdependentzia ulertzea, pertsonaren integritate fisikoa zein emozionala lortzeko bidean.

Hausnarketa kolektiboa egitea. Horixe du helburu lanak; datuetatik harago jotzea begiradak, hain zuzen ere. Pandemia testuinguruan kokatu nahi izan dute lanaren bidez, testuinguru sozialean, kulturalean, politikoan eta ekonomikoan. Birusaren ondorioen gainean egin dute hausnarketa, baita aurrera begirako erronkez eztabaidatu ere: orotara, 175 proposamen biltzen ditu liburuak, guztiek egoerari ahalik eta erantzunik eraginkorrena ematea abiapuntu.

“Konplexutasun handiko egoera honi aurre egin nahi badiogu”, gehitu du Mayorrek, “zertan egin dugun kale aztertu behar dugu, akatsetatik ikasteko”. Izan ere, eztabaidaren eta elkarrizketa sozialaren premian sinesten dute egileek, eta hori dela eta egin dute txostena, pandemiaren gorabeherak orain arte ez bezalako eran mahaigaineratzeko.

Osasuna

Txosteneko hitzak gogora ekarrita, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako ikerketen arabera, gora egin dute egungo pandemiak biztanlerian ekarri duen estresak, hersturak eta depresioak. Ildo beretik, liburuaren egileek adierazi dute osasun-sistemaren antolaketan gabezia handiak egon direla; are gehiago, koronabirusaren aurretik zeuden makina bat arazo elikatu ditu egoerak. Tartean, baliabide-teknikoen egoera eskasa azaleratu dute liburuan: “Erantzukizuna eremu publikoak hartu behar izan du, eremu pribatutik laguntza oso eskasa jaso baita”.

Arlo soziala

Liburuak aitortu du esparru juridikoa pandemiari aurre egiteko behar bezela prestatuta ez zegoela. Halaber, garrantzitsutzat jo dute egileek agintarien aldetik informazio zehatza ematea,  herritarren beldurrak uxatzeko eta konfiantza transmititzeko: “Gobernuak hartutako neurriak eta erabakiak, sarritan, ez dira behar bezala azaldu, ez eta berauek hartzearen edo berrestearen arrazoiak edota espero zitezkeen ondorioak ere”.

Hezkuntza

Adituen esanetan, hezkuntza-sistemaren gabeziak areagotu ditu pandemiak. Eskolen itxierak, gainera, sozializazio murritza ekarri zuen, eta horrek eragin zuzena izan zuen ikasleen egoera psiko-emozionalean: urduriago (%70,14), tristeago (%55) edota maizago haserretu dira ikasleak (%74,66). Joera bera ikusi da irakasleei dagokionez. Bestalde, unibertsitateko ikasketei erreparatuz gero, klaseak etxetik jarraitzeko ahalegina egin arren, ez dira guztiz egokitu ikasleen zein irakasleen premietara: “Irakaskuntza-metodologiekin askotan ez datoz bat”.

Ekonomia

Ezusteko egoera bati erantzun behar izan diote enpresek, eta horrek errentagarritasunaren beherakada zein finantza-tentsio handiak eragiten dizkie. Txostenaren esanetan, ostalaritza, txikizkako merkataritza eta turismoa dira kaltetuenak, baita mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko sektorea ere: “Pandemia iristeak areagotu egin du jipoitutako gizarte-sektoreen desberdintasuna, eta biztanlerik ahulenek sufritu dute gehien”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!