Gaztelekuko pilotaria izatetik, txapelduna bilakatzera

Mikel Arberas 2021ko mai. 20a, 11:29

Xabier Arizkorretak kirol egokituko txapelketa irabazi du. Hernaniarra Gaztelekun aritu da urte luzez.

Garaipen handia eskuratu zuen Xabier Arizkorretak 2021eko Kirol Egokituko palako finalean. Hernaniarrak urteak eman zituen Andoaingo Gazteleku Pelota Eskolan trebatzen eta, egun, ibilbide interesgarria duen kirolaria bilakatu da.

Xabier Arizkorreta hernaniarrak kirol egokituko finala irabazi zuen Eneko Sagarmendirekin batera asteburuan, Iraitz Huegunen eta Jurdan Arakistainen aurka (25-19). Oro har, norgehiagoka orekatua izan zen, baina Arizkorretak eta Sagarmendik maila hobeagoa erakutsi zuten azken txanpan, eta txapela preziatua lortu zuten.

Arizkorreta kirolari petoa da, izan ere, eskuz eta palaz jokatzen du, baita futbolean ere; Eibarko futbol talde inklusiboko jokalaria da. Esan beharra dago, urteak daramatzala kirol munduan murgilduta, eta hala erakutsi zuen finalean. Hala ere, lorpen honek trebakuntza handia du atzetik. Gaur egun den txapelduna izatera iristeko lan handia egin du hernaniarrak; urteak aritu da Andoaingo Gazteleku Pelota Elkartean trebatzen. Hernanitik Andoainerako jauzia egin zuen 10 urterekin gogoko zuen kirola praktikatzen jarraitzeko. Horretarako, Andoni Alvarez edota Aritz eta Jon Eskudero anaien esanetan jarri zen. Gogo biziz eta ikasteko prest agertzen zen Arrate frontoian ia egunero.

Ez hori bakarrik, entrenatzaile lanean sarritan aritzen zen txikienekin, berezkoa zuen pasioa gazteenei ere helarazteko. Xabier Arizkorretak urteak igaro ditu Arrate frontoian, baina segituan bilakatu zen Gazteleku Pelota Elkarteko kide. Egun, Andoainen entrenatzen ez duen arren, elkarteko jarraitzaile eta kide sutsua izaten jarraitzen du: “Gure pilota eskolako kide izan direnek txapelak lortzen dituztenean asko pozten naiz, baina gaur Xabi Arizkorretak lortu duenak bereziki hunkitu nau. Zorionak Xabier!”, adierazi du pozik Gazteleku elkarteko arduraduna zen Andoni Alvarezek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!