Pentsiodunen bizikleta martxak eskualdea zeharkatuko du

Xabier Lasa 2021ko mai. 23a, 14:18
Andoaingo pentsiodunak Goikoplazan, elkarretaratze batean

Gipuzkoako Pentsiodunek pentsio duinen aldeko bizikleta martxa antolatu dute, maiatzaren 24tik 29ra. Errenteriatik abiatuko goizean, eta Buruntzaldeko eta Aiztondoko herrietatik igaroko da. Hona asteleheneko etapako ordutegiak: Hernani (12:00), Urnieta (12:30), Andoain (13:00). Andoainen Goikoplazan parte-hartzaileei ongietorri ekitaldia eskainiko zaie, eta bertan bazkaltzeko geratuko dira. 16:00etan, berriro ekingo diote bideari: Aduna (16:15), Asteasu (16:45), Villabona (17:00), eta, Tolosa (18:00). Gipuzkoako Pentsiodunek herri horietako biztanleei deialdi bikoitza luzatu die, bizikleta martxan nahiz harrera ekitaldietan parte har dezaten.

Donostian maiatzaren 29an deitu den manifestazioa dela-eta, hona Gipuzkoako Pentsiodunak-Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleratu duen agiria:

“Gipuzkoako Pentsiodunak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko partaide den aldetik, Donostiako Alderdi Ederren maiatzaren 29an, 17:00etan, deitutako manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituzte.

Onartezina da hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea eta Pentsio Publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea.

Toledoko Itunak eta Kongresuko bozketak Pentsio Sistema Publikoa bideragarria dela agerian uzten duten arren, pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie.

Pentsio Publikoen Sistema bermatu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, pentsioak murriztu eta murrizketa berriak errazten ditu. Lan eta pentsio erreformak indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira.

Maiatzaren 29an, Euskal Herrian, eragile sozial eta sindikal ugarik parte hartuko dute mobilizazioan, beraien egoeratik eta aldarrikapenetatik abiatuta. Iruñean, 18:00etan, Baluarte Plazan, Gasteizen, 17:00etan, Artiumen, eta Bilbon, 18:00etan, Jesusen Bihotzean.

Mobilizazio hori Estatuko beste herri batzuetako pentsiodunen plataformekin partekatuko da, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, Estatuko zein Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatzea gure aldarrikapenak bermatzea, eta, bestetik, indarrean dauden murrizketak eta ezarri nahi direnak berehala indargabetzea.

Gure eskaerak honela zehazten ditugu:

  • 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea.
  • 2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escrivá jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea.
  • Gutxieneko pentsioa 1080 euro eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1200 euro.
  • Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako.
  • Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea.
  • Pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko.

 

Era berean, pertsona garen aldetik bizi-baldintza duinak izateko dugun eskubidea osasun- eta soziosanitario-zerbitzuekin ere lotuta dago, eta, horregatik, eta gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak.

Gobernatzen duenak gobernatu, pentsio publikoak defendatu!

Pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako. Aukera berdinak guztientzako!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!