Ostalaritzan beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina berria martxan da

Aiurri 2021ko mai. 25a, 17:24

Tolosaldeko Mankomunitateak beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina berria jarri dute martxan; Alegia, Andoain, Anoeta, Ibarra, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo ostalaritza establezimenduetan, maiatzaren 24tik aurrera. 

Kanpaina berriaren helburua Mankomunitatean gaika bildutako beira-ontzien kopurua handitzea da eta edukiontzietan jasotzen den material inpropio kopurua ahalik eta txikiena izatea, kalitatezko sailkapena eta birziklapena egiteko. Horrenbestez, landa-lana egitea aurreikusi da, ostalaritzari bisitak eginez. Beirazko ontzien birziklapenari buruzko argibide gehiago emanez eta birziklatzeak Tolosaldeko Mankomunitateari dakarzkion ingurumen onurei buruzko sentsibilizazioa bultzatuz. 

Horrela, maiatzaren 24tik ekainaren 14 bitartean, langile kualifikatuak hurbilduko dira establezimenduetara. Lehen fase horretan, argibideak azaldu eta beharrizanak antzemango dira; establezimednu bakoitzak sortutako hondakin-bolumenaren arabera, edukiera handiagoko ala txikiagoko ontziak banatuko zaizkie ostalariei (behar izanez gero), beirazko hondakinak birzikla ditzaten, eta, oro har, birziklatzeko erraztasunak emango zaizkie. Arrazoizko epe bat igarota, langileak establezimenduetara joango dira berriro, bereizketa behar bezala egiten ari direla ziurtatzeko. 

Tolosaldeko Mankomunitateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela ostalarien lankidetza, gaika bildutako beira-kopuruak gora egiten jarrai dezan. Izan ere, ostalaritzan sortzen da erabilera bakarreko beira-hondakinen % 50, eta, beraz, ostalaritza funtsezko sektorea da birziklatze-helburuak lortzeko: alor horretan egindako edozein aurrerapenak hobekuntza esanguratsua ekarriko du, klima-aldaketaren aurkako borrokan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!