Tolosaldeko alkateen foroa Sagardui Osasun Sailburuarekin batzartuko da ekainaren 9an

Aiurri 2021ko mai. 27a, 11:13

Tolosaldeko Alkateen Mugimendua osatzen duten eskualdekoko 25 alkatek adierazpena egin zuten, atzokoan. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea aritu zen bozeramaile lanetan. Larraulgo eta Andoaingo alkateak ez dira mugimendu horretan murgildu, eta ekimenaren sustatzaileek bat egiteko deia egin diete.

Agerraldia Tolosan egin zuten eta, besteak beste, alkateen artean ziren Asteasuko, Amsa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateak.

 

 

Adierazpena:

Osasun mahaia eratzeko proposamena aurkeztu genuenetik arloz arlo lanketa burutzen aritu gara, Tolosaldean osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa izan dezagun. Antolatutako lan mahai ezberdinetan, kokapena, zerbitzu kartera eta zehaztu beharreko bestelako gaiak hausnartu ondoren, Alkateen Foroa deitu dugu gure proposamena Tolosaldeko Osasun Eremuko alkate guztiekin elkarbanatu eta egon daitezkeen ekarpenekin osatzeko asmoarekin.

Arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eskualdeko alkateoi, hori horrela oraindik alkateon mugimenduan parte hartzen ari ez diren Tolosako, Belauntzako, Abaltzisketako, Berrobiko, Larraulgo eta Andoaingo alkateei, Alkateen Foroan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, elkarrekin eta denon artean adostu dezagun zer nolako osasun eredua eta azpiegiturak behar ditugun Tolosaldean.

Modu honetan, Alkate Mugimenduak ekainaren 9an Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin duen bileran denon ahotsa ordezkatua egongo da. Izan ere, eskualde osoko herritarren onurarako, Tolosaldeak ahots bateratua izatea da zentzuzkoena eta eraginkorrena, etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin batera elkarlanean hartzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!