Loitegi-Goikoetxea bikoteak irabazi du Oriamendi Eskolako txapelketa

Aiurri 2021ko mai. 29a, 10:42

Irazuk eta Murgiondok ezin izan zuten garaipena eskuratu Loitegi-Goikoetxea bikotearen aurka (40-31). Partida bizia eta ikusgarria izan zen Galarreta frontoian jokatu zena. 

Ligaxkan geratu bezala Loitegi eta Goikoetxea gehiago izan ziren eta aurkariak mendean hartzea lortu zuten. Hasiera orekatua izan zuen finalak. Lau erremontistak maila paretsuan hasi ziren eta 18na egon arte ez zegoen batere argi nork irabaziko zuen txapela. Hala ere, partidu erditik aurrera Loitegik aurrera pausoa eman zuen eta lehenengo abantaila garrantzitsuak lortu zituzten gorriek. Bost tantogatik egin zuten ihes markagailuan eta hortik aurrera kontrolpean eraman zuten partidua. Loitegik tantoak amaitzen zituen aurrean eta Murgiondok ez zuen agintzen atzean. Bikoteen arteko aldeak gora egin zuen eta finala 40-31 irabaztea lortu zuten. Murgiondok zortzi tanto egin zituen sakearekin, baina peloteoan Goikoetxea hobeto aritu zen. Aurrean Loitegi izan zen finaleko erremontistarik nabarmenena, nahiz eta Irazuk ere partidu ona jokatu zuen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!