111 Akademia sari banaketa ekitaldia Hika txakolindegian

Aiurri 2021ko eka. 10a, 07:49
Ekainaren 10ean izango da sari-emate ekitaldia Hika txakolindegian.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sustatzen duen 111 Akademia Sariaren aurtengo sari banaketa ekitaldia Amasako Hikan izango da, 2019ko edizioari jarraipena emanez. Aurtengo sariduna Pello Lizarralde da, epaimahaikideek haren "Argiantza" eleberria saritu baitute.

111 Akademiak Pello Lizarralderi (Zumarraga, 1956) emango dio 2020ko 111 Akademiaren Saria, Amasako Hika txakolindegian egingo den ekitaldian. Akademiakideek Lizarralderen "Argiantza" eleberria izendatu dute 2020ko libururik gogokoen. 117 akademiakidek parte hartu dute aurtengo izendapenean, urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren "Nobela errealista bat" eleberria izan du lehiakide, azken bueltan.

Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak. Aforoa mugatua izango da, eta egoerak eskatzen duen segurtasun neurriak beteko dira. Sarituak merezimenduak entzungo ditu, ekitaldian bertan.

Argiantza

1982an kokatuta dago, herriko zinema-aretoen gainbehera betean. Protagonista zinema-aretoak kudeatzen dituen enpresa bateko gerentea da. Adinean gora doa, eta enpresak egin dion enkargua betetzeko Euskal Herrian barrena murgilduko da.

111 Akademiako kideek honela deskribatu dute eleberria: "Mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaion adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiarazten dizkio egileak irakurleari. Literatura ale bikaina da Lizarraldek osatu duena. Obraren laburpena irakurri ondoren ez dirudi irakurlea inora eramango duenik, baina bere idazkeraz lantzen duen poetika bikaina da, deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen du irakurlea eta bertan egoteraino lekualdatzen. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da".

Hogeita bosgarren edizioa, aurtengoa

Mende laurdena bete du aurten Euskal Herriko irakurleek ematen duten sariketak. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena, gerora 111 Akademiaren Saria bilakatu zena. Euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa ematea dute xede. Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizio hura Elgeta obrarekin, eta gutxi falta izan zaio idazle azpeitiarrari 25. urteurrenean berriz ere saridun izateko.

Iazko sariduna Karmele Jaio izan zen, "Aitaren etxea" eleberriagatik. Izurrite betean, ez zen sari banaketa ekitaldirik egin. Akademiakideen ordezkaritza bat Gasteizera hurbildu zen, idazleari saria emateko.

Egoera hobea izanik, aurtengoan ekitaldia berreskuratzeko ahalegina egin da. Amasako Hika txakolindegian izango da, 2019ko edizioko kokalekua errepikatuz. Orduko hartan sariduna Harkaitz Cano izan zen, "Fakirraren ahotsa" eleberriagatik.
_______________________________________

111 Akademia aldizkarirako eskaini zuen elkarrizketaren pasartea. Osorik irakurtzeko: 111akademia.eus-en.

Liburuaren izenburua ‘Argiantza’ da, baina ‘Ilunantza’ ere izan zitekeen. Zergatik egin zenuen lehenengoaren aldeko hautua?

‘Argiantza’ izango zela erabakita neukala konturatu nintzen ‘Ilunantza’ ere izan zitekeela. Bien definizioak ikusten hasi eta jabetu nintzen, azken batean, bien arteko ezberdintasuna ikuspuntuan datzala; batzuetan iruditzen zaizu ilunantza dagoela, besteetan argiantza. Baina edozein kasutan argi askorik ez dagoela. Hori da ideia. Idazten hasi aurretik beti erabakia izaten dut izenburua. Horretan ez dut zalantza handirik izaten.

Zinema-aretoetan kokatu duzu istorioa. Ezaguna zaizulako, akaso?

Nire liburu guztien sorreran irudi bat egoten da, lehenengo bi orrialdeetan agertzen dena, azken batean. Urteetan izaten dut buruan biraka irudi hori, eta irudi hori ezartzen denean badakit liburu bat egon litekeela horren atzean. Zinema atariaren irudia, itsasoarena… handik etorri ziren gainerakoak. Baina egia da zinema-aretoen mundua ederki ezagutzen dudala: akomodadore asko ezagutu ditut. Nire aitona ere akomodadorea izan zen: fabrikan lan egiteaz gain urtetan Zumarragan akomodadore lana izan zuen. Horrez gain, gerora ere ezagutu ditut akomodadoreak Donostian, Iruñean zein herri txikietan. 

Aipagarria da nola biribiltzen duzun kontatzen duzun hori deskribapenekin.

Oso ondo neurtu behar dira hitz guztiak. Beti esan izan didate zinemaren eragina dutela nire liburuek, eta zentzumenek garrantzia handia dutela. 

Niri narrazio sentsorialak interesatzen zaizkit.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!