Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dugu zergatik bultzatu ditugun EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen % 40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.
Beharrezkoa da gure erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.
Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok manifestazioak deitu ditugu ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan
Manifestazioak 11:30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileok langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen ditugu bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.