"AEKn irakaslerik onenak topatuko ditu herritarrak"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko eka. 14a, 07:36

Ihintza Tellabide Urnietako AEKko arduraduna da. Aurki amaituko da udako ikastaroetan izena emateko epea, baita datorren ikasturtera begira aurrematrikula egiteko aukera ere.

Ikasturtea amaitzear bada ere, AEK-k ez du bere jarduna etengo, ate joka baitago uda. Urtero lez, udan ere hamaika ikastaro antolatu dira euskaltegiaren eskutik, Mintzalagun egitasmotik hasi eta udako barnetegiak bitarte. Ihintza Tellabide Urnietako AEK-ko arduradunak azaldu ditu nondik norakoak.

AEKn uda batek bik beste balio duela diozue. Zergatik?

Ikasturtearen hasieran AEKn irakasle batek bik beste balio duela genion era berean, orain gurean uda batek bik beste balio duela diogu... AEKn irakaslerik onenak topatuko ditu herritarrak, irakasten dakitenak eta, gainera, zuk ikastea nahi dutenak. Gure jardunak oinarri duen metodologia komunikatiboari begi-kliska bat egin nahi izan diogu. 

Zein aukera izango dute herritarrek eguzki berotan ere euskara ikasten jarraitzeko?

Hernanialdeko AEKn aurrez aurreko taldeak izango ditugu irailean, B1, B2 eta C1 mailetakoak. 80 orduko ikastaro trinkoa eskainiko dugu nahi duen ororentzat eta 30 orduko ikastaroa 20/21 ikasturtean euskaltegiren batean, ez derrigorrez gurean, aritu den edonorentzat. Horrez gain, autoikaskuntzan aritzeko aukera ere izango da, B1, B2, C1 eta C2 mailetan, uztailean eta irailean. Azkenik, mintzataldeak ere martxan jar daitezke, Mintzalagun egitasmoen barnean.

Euskara maila guztiei bideratuta al dago?

Udako eskaintza B1 mailatik gorakoentzat pentsatuta dago Hernanialdean, baita, bereziki, urrian azterketa gainditzeko azken bultzadatxoa behar dutenentzat ere. Maila horietan aurreikusten ditugu ikasteko interesa eduki dezaketen pertsona gehien, gure kasuan. Dena den, beste maila batzuetako eskaintza behar duena inguruko herrietako AEK euskaltegietara bideratuko dugu, horietan dagoen eskaintzak osatzen baitu gurea.

Gainera, eskaintza aberats horrek aukera bermatzen du ikasgela ez den beste giro batean euskaraz trebatzeko, ezta?

Mintzalagun egitasmoak euskararen erabilera informala eta ikasgelatik kanpokoa lantzeko berebiziko garrantzia duten tresnak dira, ikasturte osoan martxan egoten direnak aspaldiko urteetan. Partaide gehienak urritik ekainera aritzen diren arren, udan ere eskaintza egiten dugu, ikasleek modu autonomoan eta ez akademikoan beren hizkuntza-maila hobetu dezaten eta nahi eta behar dutena adierazteko gaitasuna landu dezaten, euskaraz bizi nahi duten herritarrekin batera.

Iaz, pandemiak gogor kolpatu al zuen AEK-k udari begira duen eskaintza?

Iazko ikasturtearen bukaeran berrekin ahal izan genion aurrez aurreko jarduerari, eta, alde horretatik, ezarritako protokoloek eragindako zailtasunak gorabehera, ohiko eskaintzara itzuli ahal izan ginen. Barnetegiak, ordea, ezin izan ziren gauzatu iazko udan, eta egia da hori kolpe latza izan dela, AEKrentzat eta ikasleentzat, barnetegiek duten funtzioa ordezkaezintzat har daitekeelako ia.

Aurten, birusari aurre egiteko neurriek asko baldintzatuko al dute jarduna?

Ezetz espero dugu. Ezin alde batera utzi maskarek dakarten komunikazio-defizita, hori begi bistakoa da euskaltegien barruan, baita hortik kanpo ere, baina oztopo horiei imajinazioz eta aldarte onez aurre egiten saiatzen gara.   

Noiz amaitzen da izena emateko epea? Horretarako, nora jo dezake herritarrak?

Iraileko aurrez aurreko taldeetan izena eman nahi dutenek uztailaren 19a baino lehen egin beharko dute. Autoikaskuntza-modalitatean aritu nahi dutenek, aldiz, ekainaren 30a baino lehen matrikulatu beharko dute. Izena eman nahi dutenek Hernanialdeko AEK-ren zentroetako batera jo behar dute

Bukatzear da 21-22 ikasturteko aurrematrikula egiteko epea. Zein abantaila dituzte herritarrek, izen-ematea orain eginez gero?

Onura ugari ditu; nagusienak honako hauek dira: ikasturte honetako prezioa mantenduko zaie aurrematrikulatutakoei, igoerarik gabe, eta, gainera, %5eko deskontua aplikatuko zaio zenbateko horri. Horrez gain, taldeak osatzerakoan, dagoen toki-kopurua, ordutegia eta modalitateari dagokienez, lehentasuna izango dute aurrematrikulatutakoek. Ordaintzeko modu malguagoa ere izango dute. Aurrematrikula egiteko aurretik aipatutako euskaltegietako batera gerturatu behar da ekainaren 25a baino lehen, eta bertan aurrematrikula-fitxa bete. Online ere egin daiteke aek.eus webgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!