Selektibitatearen osteko egunak

Alba Cabrera eta Mikel Arberas 2021ko eka. 26a, 09:00
irudia: RTVE

Ez da ikasturte erraza izan, ez. Pandemiak bete-betean eragin du ikasketetan, zama fisikoa ez ezik, psikologikoa ere sortzeraino. Baten bati baino gehiagori tokatu zaio uneren batean etxetik ematea jarraipena bere ikasketa-prozesuari.

Gainera, ikasle asko eta asko dago selektibitate azterketen biharamunean. Uxue Iguaran eta Unax Iturrioz urnietarrak buru-belarri aritu dira lanean unibertsitaterako sarbide-azterketetan: Hernaniko institutuan ikasi du lehenak; Donostiako Antigua Luberrin, bigarrenak. Ildo beretik, Iker Uria Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako ikasleak gogotik eutsi dio selektibitateari, baita Jaione Mayoralek ere, batxilergoa Leizaran ikastetxean egin ostean. Itxaro Aizpurua La Salle Berrozpeko ikasleak talde lana nabarmendu du.

Atzera begira jarrita, zein nolako ikasturtea izan da?

Jaione Mayoral: Ikasturte hau oso gogorra izan da alderdi guztietan. Izan ere, batxilergoko bigarren maila zaila izan da eta selektibitatea gertu egotearen presioa edukitzeaz gain, Covid-aren egoerak ez du lagundu. Hilabete horietan zehar ezin izan dugu gure lagunekin eta familiarekin egon gustatuko litzaiguken moduan, eta azken finean, horrek psikologikoki asko eragin digu.

Unax Iturrioz: Orokorrean nahiko gogorra. Hasiera erraza izan zen, baina, denborak aurrera egin ahala, selektibitatea geroz eta gertuago genuen, eta horrek presio handia eragin zidan.

Iker Uria: Oro har ondo joan da ikasturtea. Egia da, memento batzuetan lan handia egin behar izan dugula, baina atsedenaldiekin tartekatuz kurtsoa ongi eraman dut aurrera.

Uxue Iguaran: Ez da bat ere erraza izan; aitzitik, oso mugitua izan delakoan nago; aurreko urteekin alderatuz gero, oso bestelakoa izan da: zenbaitetan, etxeratu beharra; beste hainbatetan, online klaseak… Neke handia eragin digu koronabirusaren harira sortutako ezjakintasunak, eta horrek harreman zuzena du ikasketetan.

Itxaro Aizpurua: Ikasturte oso bitxia izan da, ezberdina. Ikaskide eta irakasle berriekin, egora berezi batean… Gertakari ugariko garaia izan da. Jakina den bezala bigarren batxilergoa ez da ikasturte erraza, baina hala ere konturatu gabe pasa zait. Ohartzerako hautaprobarekin egin dugu topo, gure lehen etapa honi amaiera emanez, esfortzu eta lan gogorra egin ostean.

Koronabirusak oztopo handiak eragin al ditu klaseko dinamikan edo zuen jardunean?

J.M: Klaseko dinamikan ez du oztopo handirik eragin klase guztiak presentzialak izan direlako gure ikastetxean; zorte ona izan dugu alde horretatik. Hala ere, egia da norbait konfinatuta egotean, etxean egon daitezkeen konexio arazoen ondorioz, pertsona horiek klasearen erritmoa galdu eta klase kanpoko orduetan berreskuratu behar izan dute.

Unai I.: Zorte handia izan dugula uste dut. Kurtso osoan klaseak aurrez aurrekoak izan dira eta horrek ikasketak asko errazten ditu. Gainera, koronabirusa zela eta, taldeko lanen kopurua murriztu da, alegia, nork bere zereginak egin ditu (ez dugu ia talde-lanik egin). Hori horrela, lagungarria izan da dinamika hori, selektibitatea (bakarrik egin beharreko azterketak dira, azken finean) prestatzeko inguru aproposa iruditu zait.

I.U: Egia esan, espero nuena baino hobekiago joan da ikasturtea. Musukoa eta segurtasun-distantzia kenduta eramangarria izan da; hau da, urria-azaroa aldean konfinatu behar izan genuen, baina, egun hartatik aurrera, ondo joan da guztia. Beste ikastetxe askorekin alderatuta, konfinamendu bakarra eduki izana baikorra dela esango nuke.

Uxue I.: Nire ustez, batez ere, talde-lanak oztopatu ditu pandemiak, ikasketei dagokionez: nahiko aldrebesa gertatu zaigu gure jardunari jarraipena ematea norbait konfinatzen zutenean. Are gehiago, zeu bazinen konfinatu beharreko kidea, ikasgaien online bidezko jarraipena egin behar zenuen, eta atzerapen handia eragin du prozesuan horrek. Nork bere erritmoa harrapatu behar izan du.

I.A: Kurtso hasiera egoerara moldatzeko aldi zailena izan zen. Baina  klaseak etxetik jarraitu ahal izateko erritmoa segituan hartu nuen. Ez dut uste koronabirusak hainbesteko oztoporik eragin duenik. Ez da kurtso aproposena izan hau gertatzeko, noski ezetz, baina guztion artean elkarri lagunduz nolabaiteko narmaltasunez aurrera eramatea lortu dugu.

Selektibitatea izan duzue berriki, presio handia eragin al dizue azterketaldiak?

J.M: Irakasleek etengabe hitz egiten dute selektibitateari buruz batxilergoko lehenengo kurtsotik, eta haiek konturatu gabe presio handia jartzen digute ikasleoi. Gainera, batez ere bigarren kurtsoan, konturatzen zara unibertsitatean nahi duzuna ikasteko, gutxieneko nota bat behar duzula, eta momentu horretan ohartzen zara azterketa horien mende dagoela zure etorkizuna. Horren ondorioz, gaitegi guztia jakin arren, selektibitatearen egunak iristen direnean nerbioak asko nabaritzen dira. Beraz, bai, hiru egun horietan presio handia sentitu nuen, baina, batez ere, lehenengo egunean ez dakizulako zerekin egingo duzun topo. Hala ere, azterketak ez ziren izan klasean egindakoak baino zailagoak, beraz, ez dela hainbesterako izan.

Unai I.: Nire kasuan unibertsitatera sartzeko ez nuen nota alturik behar, baina hala ere beti dago ezjakintasuna, eta nolabait besteen gainetik geratu beharrak presio handia eragiten du.

I.U: Selektibitateari dagokionez, beti sortzen da urduritasun puntu bat. Hala ere, nire kasuan, ez nuen presio askorik; izan ere, egin nahi ditudan ikasketetarako ez da nuen nota altua behar. Esanak esan, ahalik eta nota altuena ateratzeko helburua jarri nion nire buruari.

Uxue I.: Ez dut presio handirik sentitu, izan ere, ez nuen aparteko nota alturik behar. Hala ere, selektibitatearen aurreko egunetan autokonfinatzea gomendatzen ziguten, eta horrek beldurra sortu digu, kezka.

I.A: Hautaproba etorkizunerako erabakigarria izan daitekeen azterketen multzoa da, norberak duen helburua lortu ahal izateko, hortaz, presioa nabarmena da, bai. Bakoitzak egin behar duenaren arabera, norbanakoak  ez du berdina egingo eta uninertsitateko gradu bakoitzak ere nota ezberdina eskatzen dute eskaintzen diren plazen arabera. Nota ona lortzeko eta egindako esfortzua erakusteko presioa ere badago.

Egin al duzue azterketa ondorengo ospakizunik?

J.M: Ez, ez dugu ezer berezirik egin. Dena den, Koronabirusaren egoera hobetzean, ospakizun hori eta egin gabeko ikas bidaia egitea espero dugu.

Unai I.: Bai! Kurtso osoa sagardotegi batera joan ginen azterketak bukatu zirela ospatzera. Udarari hasiera ederra eman genion!

I.U: Azterketen ostean lasaitasuna izan zen nagusi. Lagunekin eta klasekideekin sagardotegia edota afaritxo bat egiteko baliatu genuen ikasturte amaiera. Ikas bidaiari dagokionez, berriz, lagun batzuekin kanpora joateko asmoa daukat.

Uxue I.: Bai. Noski, ez aurreko urteetan bezala, baina saiatu gara zerbait egiten, jakina: azterketak bukatu berritan, gogo bizia duzu lagunekin planak egiteko.

I.A: Iragan urtetan kurtso osoko eta irakasleekin egin ohi den bazkaria ezin izan dugu egin, zoritxarrez. Bakoitzak bide desberdina hartuko du hemendik aurrera eta aldi honi ez diogu behar bezalako amaiera eman. Baina udan zehar ikaskideen artean zerbait antolatzea  espero dugu.

Ikas bidaia gabe gelditu zarete...Triste?

Unai I.: Ikasturte honen amaierarako koronabirusa dagoeneko iraganeko gauza izango zela pentsatzen nuen lehengo urtearen amaieran, udara ondoren desagertuko zela-edo… Alabaina, ikasturteari ekin genionean, oraindik gurean zegoela ikusita, desagertzeko asmo gutxirekin, ikas-bidaia egitea ezinezkoa izango zela ulertu nuen; beraz, ez nago oso triste.

Uxue I.: Benetan tristea izan da. Egia esanda, bidaia egingarria izango zela pentsatu nuen ikasturte hasieran, baina, egunak joan egunak etorri, argi gelditu zitzaigun ezetz. Dena dela, egoerara ohitu garenez gero, ezin duzu beste ezer egin, eta espero gneuen ez egitea bidaia.

I.A: Pandemia honek ez du ikasbidaien kontua guztiz mugatu. Pixkanaka neurriak leuntzen joan dira eta beste urtetakoa bezala izango ez den arren, badaude aukerak amaiera hau behar bezala ospatzeko. Gogoa behinzat ez da falta. Betiere kontu handiagorekin ibili behar da, argi baitago ez dela betiko egoera.

Aurrera begira, zein asmo? Gustora emaitzarekin? Zer egingo duzue datorren ikasturtean?

J.M: Opor onak pasa ondoren, nire asmoa hemen gelditzea da, Andoainen. Izan ere, dena ondo badoa, Adimen Artifizialeko gradua egitea espero dut Donostiako Informatikako Fakultatean.

Selektibitateko emaitzak hobeagoak espero nituen baina gradu horretara sartzeko gutxieneko nota baino gehiago lortu dudanez, pozik nago emaitzarekin.

Unai I.: Espero nuena baina nota altuagoa atera dut; hortaz, gustora nago emaitzarekin, bai! Datorren urtean Donostian Zuzenbidea ikasteko asmoa dut, EHU-n.

I.U: Udan kotxeko karneta ateratzen saiatuko naiz. Emaitzekin oso gustura nago eta datorren ikasturtean ingenieritza bati ekingo diot, unibertsitatean.

Uxue I.: Espero dut unibertsitateko klaseak aurrez aurre jarraitu ahal izatea, online formatuarekin ez naizelako oso ondo moldatzen. Ea egoera hobetzen den eta lasaitzen den guztia. Artearen Historia ikas nahi dut; beraz, etxetik kanpo joango naiz bizitzera, Gasteizera.

I.A: Mila aukera daude etorkizunari begira. Ikaskideen hartean denetariko erabakiak egon dira. Askok unibertsitaterako bidea hartu dute eta beste batzuek goi mailako ziklo bat egingo dute. Bide bakoitzaren barruan beste milaka adar daude, norberaren gustuarekin bat egiten duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!