Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abesti mitikoak, Oiartzabalek zuzenduta

Aiurri 2021ko eka. 28a, 15:49

Hernaniko Musika Bandak eta Hernaniko eta Donostiako Txistularien Bandak kontzertu berezia eskaini zuten Donostiako Santa Maria Basilikan, atzo. Bertan, besteak beste, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen kantak interpretatu zituzten, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta. Kanta horiekin osatutako bideoa, gehi Pozaldia eta Errenka piezen bideoak, ikusgai:

Hona Txirri, Mirri eta Txiribitonen abestiekin (Txirri, Mirri eta Txiribiton; Paristik natorren; Behin edo behin; Allakuidaos; Lagunen itzala; Barre egin; eta, Zapi zuria) osatutako emanaldia:

 

Kontzertuan zehar, Txirri (Xabier Otaegi), Mirri (Jose Ignazio Ansorena) eta Txiribitonek (Txema Vitoria), eta horien ondoren heldu ziren Txirri (Peru Ansorena), Mirri (Kattalin Ansorena) eta Txiribiton (Juanma Zaldua) gazteek, esker oneko txalo zaparrada jaso zuten, makina bat urtetan eta plazaz plaza euskal haurren barreak eragiteagatik. Gogoan izan behar da 1972an ekin ziola plazaz plazako ibilbideari lehenbiziko hirukoteak, eta beraz, 2022an mende erdia beteko dela hartaz gero. Argazkian, seiak Oiartzabalekin ageri dira Santa Maria Basilikan.

Joxe Mari Oiartzabalek, igandean jo ziren pailazoen abestien interpretazioa zuzentzeaz gain, haien partiturak moldatu egin zituen aurrez.

 

Urnieta eta Andoaingo musikariak

Bestalde, aipatzekoa ere bada Jorge Pachecok zuzentzen duen Musika Bandan, Urnietako eta Andoaingo zenbait musikariek jotzen dutela.

 

Zutik: David Belver (tronboia), Eneritz Jauregi (flautina), Joxe Ramon Berrondo (fliskornoa), Joxe Mari Oiartzabal (zuzendaria), Iñaki Aizpurua (Hernaniko txistularien banda), Joxe Ramon Berrondo (fliskornoa) eta Imanol Iribarren (tronboia). Makurtuta: Manex Olazagirre (perkusioa) eta Oier Parada (saxoa).

 

Bideoz, bi pieza ikusgai

Kontzertua honako obrekin osatuta zuten: San Juan Zortzikoa (Herri doinua); Pozaldi (Felix Sistiaga), Txistulariak (Victor Zubizarreta); Rapsodia vasca (Vicente Beobide), Errenka (Jagoba Astiazaran); Txirri, Mirri eta Txiribiton (Jose Ignazio Ansorena); eta, Mendirik Mendi (Jose Antonio Erauskin).

Bideoz ikusgai, Pozaldi (Felix Sistiaga):

 

Eta, Errenka (Jagoba Astiazaran):

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!