Aldundiaren eta garapen agentzien arteko lankidetza

Aiurri 2021ko uzt. 1a, 13:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualdetako hamaika garapen agentziek lankidetza-hitzarmena berritu dute.

Akordioa “Etorkizuna Eraikiz”en parte den Lurralde Garapenerako Laborategiaren sostengu nagusia da.  Garapen agentzien aldetik, bertan izan ziren Beterri-Buruntza Udalak agentziako lehendakari den Maria Jose Izagirre eta zuzendari den Nerea Yurrebaso. Markel Olano Ahaldun Nagusiak, bere hitzaldian, Gipuzkoako garapen agentziek lurralde garapenaren alde egiten ari diren lana goraipatu du. Bere ustez, udalek sortutako erakunde hauek berebiziko garrantzia izan dute eskualdeen garapenerako. Hala ere, egungo munduan, "ezinbestekotzat" jo du elkarlana bultzatzea eta indarrak batzea, honela estrategia bateratuak garatzeko, "Gipuzkoa lurralde lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta aurreratuagoa izan dadin. Eskualdeek ekarpen handia egin behar dute etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko prozesuan, Etorkizuna Eraikiz gidatzen ari den ahalegin kolektibo horretan". Hitzarmen hau oinarri hartuta, Etorkizuna Eraikizko Lurralde Garapenerako Laborategia izan da gobernantza irekiaren eta lankidetzaren eredua finkatu, garatu eta lurraldera hedatzeko erreminta. Azken lau urteetan eredua 200 proiektu baino gehiagotara hedatu da.

Bere aldetik, Ingurumen diputatuak eta bigarren diputatu nagusiorde den Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du, eskualdeko agentziek lurraldearen garapenerako oinarrizko politikak sarean eta lankidetzan aritzeko duten garrantzia, batez ere jasangarritasun proiektuetan. “Plan horiek gauzatzea ezinbestekoa da gure mendekotasun energetikoa murrizteko eta eredu berri bat sustatzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!