Exijentzia, goi-mailara iristeko bidean

Mikel Arberas 2021ko uzt. 4a, 10:28

Argazkia: Xabier Goienetxea

Maddi Elizasu eta Eneko Lete duela gutxi murgildu ziren arraunlarien munduan; baina denbora gutxian lorpen handiak eskuratu dituzte. Lanean jarraitzeko gogo bizia erakutsi dute datozen urteetan maila gorenean lehiatzeko.

Zer da arraun olinpikoa?
Arraunaz ari garenean bi mota ezberdinduko genituzke; aulki mugikorrekoa eta estatikoa. Mundu mailan arraun olinpikoa ezagunagoa da, baina Euskal Herrian guztiok ezagutzen dugun arrauna nabarmentzen da. Espainian, berriz, aulki mugikorrekoa nagusiagoa da.

Nola murgildu zineten mundu honetan?
Oro har, ingurukoak arraunean ikusi eta probatzea erabaki genuen. Esan beharra dago, aurretiaz ez genuela kirol hau probatu, beraz, hasiberriak garela esan genezake, baina segituan hartu genion tamaina. 
Hasiberria izateko lorpen handia da Espainiako txapelketan podiuma eskuratzea...
Ez genuen uste horrelakorik lortuko genuenik, izan ere, hasiberriak gara eta Espainian maila handia dago. Hala ere, entrenatzen jarraitu behar dugu, txapelketetan podiumak eta garaikurrak eskuratzen jarraitzeko.

Aurrera begira lehiaketaren bat duzue?
Egia esan, ez. Oraintxe amaitu dugu denboraldia eta irailean edo urrian berrekingo diogu. Azkeneko lehiaketa Espainiakoa izan da.

Urte osoan zehar entrenatzen duzue?
Asteazkena izan ezik, egunero entrenatzen dugu. Astelehenetik ostiralera barrualdean entrenatzen dugu; hau da, gimnasioan edo ergometroarekin. Fisikoa lantzen dugu. Asteburuak, berriz, uretan entrenatzeko baliatzen ditugu. Eta oporretan gaudenean, maizago entrenatzen dugu uretan.

Arraunlari izatea gogorra al da?
Maddi Elizasu: Entrenamenduak gogorrak dira arraunean. Gainera, nire kasuan, atletismoarekin partekatzen dut; baina askok uste dutenaren aurka, dietaren kasua ez da arraunlari estatikoen antzerakoa. Egia da, ondo jaten eta forma mantentzen saiatzen garela, baina ez dira horren zorrotzak. Errendimendu ona edukiz gero, ez dira gai hauetaz kezkatzen.

Nolakoak izaten dira entrenamenduak?
Eneko Lete: Astelehenetan ergometroarekin entrenatzen dugu; serie luzeak jartzen dizkigute, esaterako, ordubetekoak bost zatitan banatuta. Gorputza sendotzeko ariketak ere egiten ditugu, beste askoren artean, lasterka, eserialdiak, pesak edo plantxa deritzona. 
M. E.: Asteburuetan uretan entrenatzen dugu, zortziko edo lauko batel batean; helburua teknika eta koordinazioa lortzea da bereziki.

Zertan oinarritzen dira txapelketak?
Orion eta Legution izaten dira Euskal Herriko txapelketak. Aurten kasualitatez Espainiakoa ere Legution ospatu da. Txandatan egiten dira lehiaketak eta talde bakoitzak batel ezberdinak ateratzen ditu; batekoa, bikoa edota handiena, zortzikoa.

Arraunlari bakoitzaren kokalekuari dagokionez, lehen eta bigarren postua, aurrekaldean kokatzen direnak ez dira oso pisutsuak izaten. Ez hori bakarrik, arraunlari finak izan behar dute, izan ere, taldekideek hauei jarraituko diete. Erdialdean, handienak eta indartsuenak jartzen dira, batela hobekiago mugiarazteko. Atzealdean, berriz, arinenak kokatu ohi dira. Azkenik, arraunean aritzeko bi modu bereizi beharko genituzke; hau da, arraun batekin edo bikin lehiatu gaitezke. Bi arraunekin lehiatzeko lauko batelak egon daitezke edo zortzikoa, lau alde batean eta lau bestean, arraun bakarrarekin.

Zertan bereizten da guztiok ezagutzen dugun arrauna eta olinpikoa?
Ezberdintasun ugari daude, baina nabarmenena eserlekua da. Euskal Herriko arraunean eserlekua mugiezina da, fijoa da. Olinpikoan, berriz, hankek garrantzi handia dute, eserlekua mugitu egiten delako. Aulki mugikorraren kasuan, indar gehiena hankekin egiten da, eta portzetaia oso murritzean besoekin eta bizkarrarekin egiten da azken bultzada. Guztiok ezagutzen dugun arraunaren aurkakoa da, eta indar gehiena besoekin eta bizkarrarekin egiten da. Teknika oso ezberdinak dira.

Arraun olinpikoan zein postuetan lehiatzen duzue?
M. E.:  Lemazaina naiz. Nire helburua taldea animatzea, zuzentzea eta koordinatzea da. Akatsen bat ikusiz gero, nire lana zuzentzea izango litzateke. Taldearen agintaria naizela esan genezake. Ez hori bakarrik, batela gidatzearen ardura nirea da.
E.E.: Ni batez ere arraun bakarrarekin lehiatzen dut eta asko pisatzen dudanez, erdian kokatuta egiten dut arraun. Aurrekoekin ahalik eta ondoen koordinatzen saiatzen gara eta Maddiren zuzenketak baliatuz taldelana hobetzen ahalegintzen gara. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!