Eskualdeko agerraldia egin zuen Sarek, Lasarte-Oriako anbulatorioaren parean. Larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoak izan zituzten gogoan. Eta, horrez gain, datozen asteetako hitzorduen berri eman dute. Bereziki bi nabarmendu zituzten: hilabete amaierako Bizikleta Itzulia, eta abuztuaren 21ean Donostian egingo den manifestazioa.
Sortu zenetik, Sare lanean ari da euskal presoen eskubideen alde. Lasarte-Oriako anbulatorioaren parean elkartu ziren eta tokia ez zuten ausaz aukeratu. Larriki gaixo dauden euskal presoen egoera ekarri zuten gogora, Ibon Fernandez Iradi lasarte-oriatarrarena eta Garikoitz Arruarte hernaniarrarena bereziki: esklerosi anizkoitza, eta aldebiko ubeitis akutua eta espondiolartropatia dituzte, hurrenez hurren, duela bederatzi eta hamasei urtetik. Donetz Iradi osasun-langileak aipatu zuenez, "arreta multidiziplinarra jaso behar dute biek, iraunkorra, eta zenbait adituk parte hartu behar dute bertan: fisioterapeutek, neurologoek, erreumatologoek... Gaixotasun horiek degeneratiboak dira, hobera ez dute egiten, eta behar bezala tratatuak izateko, espetxetik atera behar dute".
Abuztuan manifestazioa
Hilaren 21ean, larunbatarekin, "ManiFESTAzioa" izeneko ekimena gauzatuko du Sarek, Donostian.