1936ko gerrako lubaki bat topatu dute Zizurkilen

Xabier Lasa 2021ko uzt. 15a, 14:45

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek eta arkeologo boluntarioek Saseta defentsa sistemako lubaki bat topatu dute Zizurkilgo lur sailetan, eta bertan ari dira lanean azken asteetan. Gaur eman dute horren berri, eta bertan aurkitu dituzten hainbat objektu erakutsi dituzte; hala nola, bala-zorro mordoa, zenbait sardina lata, mortero baten zati bat, giza-jantzien arrastoak…

Eusko Gudarosteak Aiztondoko bailaran eraiki zuen Saseta defentsa-sistemaren zati bat da topatu duten lubakia. 1936ko abuztuan, Gipuzkoa militarki hartu nahirik Nafarroatik heldu ziren tropa faxistei aurre egiteko Aiztondo bailaran (Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkil) eraiki zituzten lubakietako bat da, hain zuzen. Zizurkilgo lur sailetan, Zarateko Bentatik gertu, Azarolatxiki mendi muinoan dago. Defentsa leku militarraren ikuspegitik, eraikuntza urgentziazko lubaki bat da, ez dauka Bizkaiako frontean aurrerago eraiki zirenen sakonera eta prestakuntza.  

Lubakian bertan egin duten aurkezpenean, Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendariak, Aiztondoko udaletako ordezkariek eta Aranzadi elkarteko Manex Arrastoak eta Julien Blancok hartu dute hitza.

Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea Aiztondoko udalen izenean mintzatu da. “Aiztondoko udalerrientzat ohorea da Aranzadik horrelako egitasmoari ekitea eta oroimen historikoa berreskuratu nahi izatea. Gure aitona-amonen testigantzetatik jasota geneukan paraje hauetan izan zirela gertakizunak gerra garaian, eta ondoregoei utzi nahi geniekeen legatu txikia da hauxe, Saseta defentsa-sistemaren memoria. Honako lubaki hau Aranzadik urtetan egin duen lanketaren pauso berri bat da, eta udalon zeregina ondarea ahalik eta gehien zabaltzea izango da”.

Gambrak, udalei eskerrak eman dizkie memoria historikoaren berreskurapenaren alde borondate irmoa agertzeaz gain, ahalegin ekonomiko handia egiten ari direlako. Aldi berean, poza agertu du Aiztondoko urteroko auzolandegi honek gazte jendea erakartzen duelako. “Gipuzkoan elkarte memorialistekin dauzkagun hartu-emanetan, konturatu gara belaunaldien arteko errelebu falta handia dagoela. Jubilatuak dira boluntario guztiak, eta gainera, talde bakoitza bizpahiru pertsonek osatzen dute”. Hurrengo urtetan Aldundiak auzolandegiari laguntzen segitzeko asmoa duela iragarriz amaitu du interbentzioa Gambrak.

Manex Arrastoak auzolandegira lan egitera urtez urte gerturatzen diren boluntarioen lana goraipatu nahi izan du, batik bat. Bestalde, gogoratu duenez, Saseta defentsa sistemaren ikerketarako indusketa-kanpainak Adunan, Belkoain mendian 2013an hasi ziren, eta geroztik, urtez urte zabaltzen joan dira, lubakiak induskatuz, dokumentazio lanak eginez eta bertako bizilagunen testigantzak jasoaz.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!