Donostiako Klasikoak bolondresak eskatu ditu, lasterketak Andoain eta Urnieta zeharkatzeko

Aiurri 2021ko uzt. 20a, 08:42

Uztailaren 31n UCI World Tour goi mailako lasterketa igaroko da Gipuzkoan barrena, eta arratsaldeko lehen orduan Andoaindik eta Urnietatik barrena igaroko dira. Trafikoa bideratzeko boluntario bila ari dira.

 

Andoaingo Txirrindulari Eskolak eta Urnietako Udalak ohar bana argitara eman dute, lasterketaren eta eskaeraren berri emanez. Izan ere, bidegurutze eta sarbide ugari daude herriguneetan eta horiek guztiak kontrolatzeko laguntza behar dute.

Andoain

Iazko etenaldiaren ondoren, Donostiako Klasikoa Adunatik iritsiko da eta herrigunea zeharkatu eta gero Urnieta aldera abiatuko da. Andoaingo zeharkaldia honakoa izango da: 14:42 eta 14:59ak inguruan Adunako Irizar paretik iritsi eta ibilbidean Karrika, Zumea plaza, Kaleberria, Kale Nagusia, Goikoplaza, Kaletxiki eta Gudarien etorbidetik igaroko da. Handik Urnieta aldera gerturatuko da.

Andoaingo Txirrindulari Eskolak bultzatuta, Andoaingo elkarte batzutako bolondresek bide-gurutzeak zaindu eta Andoain barruko ibilbidearen segurtasuna kontrolatuko dute. Herrikide gehiagoren laguntza ongietorria izango da. Laguntza eman nahi duenak info@andoaingo.eus e-postara idatzi behar du. Txirrindulari elkarteak adierazi duenez, “Andoainen bakarrik 80 bolondres inguru beharko ditugu behar bezala ibilbidea kontrolatzeko”.

Urnieta

15 bat pertsona behar dituzte Urnietan. Udalak zabaldutako oharraren arabera, boluntarioek Urnieta.eus webgunearen bidez eman behar dute izena: “Laguntzeko prest daudenek inprimakia bete behar dute. Izena emateko azken eguna uztailaren 25a izango da. Ondoren, izena eman duten guztiei jakinaraziko zaie lasterketaren egunean nora joan behar duten”.

Lasterketaren eragina trafikoan

Andoainen eta Urnietan trafiko mozketak egon daitezke 14:30ak eta 16:00ak artean, gutxi gorabehera. Andoaingo Txirrindulari eskolak pazientzia eskatu die bizilagunei. “Lasterketa irekitzen duen lehen autoa pasatzen denetik errepidea itxita egongo da, eta 30 minutu inguru egon liteke errepidea moztuta. Herritarrei pazientzia pixka bat eskatzen diegu denbora tarte horretan”. Lasterketa bideratzen ari diren boluntarioekiko kolaborazioa eskatu dute, azkenik.

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!