'Frontona' antzezlana eskainiko dute abuztuaren 1ean Goiburun eta 13an Zizurkilen

Aiurri 2021ko uzt. 24a, 16:04

'Frontona' antzerki obra eskainiko dute abuztuaren 1ean Goiburun eta 13an Zizurkilen; ikuskizunean, ikusleekin jolastuz, euskal kultura erdigunera ekartzeko ahaleginean aritzen dira hiru aktore eta bi pilotari.

Pilota jokoa aitzakiatzat hartuta ikusleari jolasa proposatzen diote Frontona ikuskizuneko aktoreek. Unai Ormaetxea andoaindarrak, Iñigo Otaegi billabonatarrak eta Josu Artutxa tolosarrak gidatzen dute emanaldia eta kantxan Janire San Sebastian eta Anne Maiza pilotari zizurkildarrak aritzen dira. Antzezle izateaz gainera, eragile ere badira, harmailetara zuzendutako galderekin publikoa interpelatu nahi baitute.

Unai Ormaetxea aktore andoaindarrak adierazi duenez, "oso berezia da zeure herrian antzeztean, are gehiago zure auzoan. Ikuskizun ederra eskainiko dugu eta ikusleek oso ongi pasako dute; euskara eta esku pilota uztartuz ondo pasaraztea dugu xede". Gainera, Goiburun entseatzen arituko dira.

Nabarmendu beharra dago, abuztuaren 13an Zizurkilen ospatuko dela antzezlana; gauzak horrela, Anne Maiza Janire San Sebastian pilotarientzat ere esperientzia berezia izango da, herrian antzezteko aukera izango baitu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!