Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dugu benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko, presoen etxeratze prozesua azkartu eta helmugaraino eraman behar dela, presoak etxeratzeraino. Azken hilabeteetan pauso garrantzitsuak jorratu dira bide honetan. Horrek, besteak beste, fase zahar baten itxiera ekarri du, baita berri baten irekiera ekarri ere.
Isolamendua, lehen graduak eta urrutien dauden espetxeak atzean utzi ditugu behingoz, baina egoera berri honetan oraindik ere badira hamaika oztopo. Bigarren graduan egonik ere, orandik baimenak jasotzeko edota hirugarren edo baldintzapeko askatasunak lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik. Gainera, beste hainbat salbuespen neurri bezala, euskal presoei dagokienez, oraindik ez zaie legeak dioen ibilbidea jorratzen uzten.
Hori da azken urteetan euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duena, euskal presoei legeak berak dioen bidea irekitzea, neurri erantsirik gabe. Eta hori da, datorren abuztuaren 21ean Donostiako kaleetan aldarrikatuko duguna. Euskal presoak gerturatzea lortu badugu ere, argi dago EHra ekarri behar ditugula, larriki gaixoak etxean egon behar direla, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaiela, 85 motxiladun umek oraindik ezin dituztela besarkadak normaltasunez jaso…. Salbuespen neurri guztiak bertan behera geratzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu beste behin ere.
Horregatik guztiagatik, hemendik bertatik, Artzai onatik festa giroan aterako den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Abuztuaren 21ean arratsaldeko 17:30ean abiatuko dugu ekimena, zatozte!