“Paperezko liburuen irakurketa indartzen ari da”

Aiurri 2021ko abu. 5a, 08:00

Uda irakurtzeko sasoi egokia izaten da, eta liburuen irakurketa nabarmen igotzen da. Aukera aproposa Larramendi Bazkunaren 111 Akademiako kide egiteko. Amaia Goikoetxea ekimenaren arduradunari elkarrizketa.

111 Akademia literatura-zaleen txokoa da, Euskal Herri osoko zaleak batzen dituena. Webgunearen baitan, urtean zehar irakurtzen dituzten liburuen iritziak emateko bilgunea da. Irakurketa sustatzeko egitasmoa da; bereziki, euskarazko liburuen irakurketa.

25 urte, horixe da 111 Akademiako aldizkariaren editorialaren lerroburua.  Beterriko liburua hasiera batean izan zena gerora 111 Akademia bilakatu da. Ibilbide oparoa osatu duzue helburu argi batekin: irakurleari hitza ematea.

Helburu horrekin sortu zen egitasmoa, duela 25 urte. Kontuan hartu behar da, ekimena martxan jarri zenean, irakurle batek irakurri zuen liburu horri buruzko iritzia emateko biderik apenas zeukala. Eta 25 urte geroago, hori izugarri aldatu da. Hutsune hori bazegoen, eta horregatik jarri genuen martxan. Irakurleari hitza eman nahi zitzaion, literaturaren panoraman. Kritikariek, adituek horiek, bazituzten euren leihoak, baina irakurleari falta zitzaion hori, irakurtzearen esperientzia hor berarentzat gordeta gelditzen zela. Orduan, irakurleari hitza eman eta Euskal Herri mailako sari bat emateko aukera martxan jarri genuen.

Liburuei buruzko iritzia, iruzkina edo balorazioak eginez.

Irakurleak urtean zehar irakurtzen zituen liburu horiei buruzko iritzia bidaliz. Urtean bat bakarra bazen ondo, eta hamar baziren ere ondo. Eta behin urtea bukatutakoan esan irakurri dituzun horietatik guztietatik zein gustatu zaizun gehien. Eta boto horrekin aukeratzen zen saria –eta aukeratzen da, gaur egun ere–.

Garaiak aldatuz doaz. Teknologia berrien etorrerarekin, webgunea garatu da. Eta zerorrek egin dituzu ekimen horretan urte gehienak. Jauzi digitala eman den aroan, behintzat, zu izan zara bertan. Zerk erakarrita?

Ni izan naiz beti liburu irakurle amorratua. Umetatik gogoko nuen liburuak irakurtzea. Larunbat eta igandeetan goizean goiz esnatu eta etxean inor mugitu arte ohean irakurtzen gelditzen zen horietakoa nintzen. Baina gero, hortik ikasketak hautatu eta inoiz pentsatu horrek lanbidea emango zidanik? Sekula ez. Gainera, gehiago esango dizut. Lan honetan txiripaz hasi nintzen. Ikasketak bukatu eta hasten zara ezker-eskuin curriculumak banatzen. Eta bat bidali nuen Aiurrira, jakin gabe, gainera, Aiurri Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren baitan zegoela. Eta Bazkunetik deitu zidaten. Ea Aiurritik ote zen, eta ezetz. Bazutela beste proiektu bat, literaturara bideratuta. Eta hori entzun nuenean ahaztu zitzaidan Aiurri. 2006a zen, eta gaur arte.

Eskualdetik Euskal Herrira. Jauzi bat eman zuen Beterriko Liburuak, gaur egun 111 Akademia dena. Euskal Herri osoko irakurzaleek parte hartzen dute, 200 irakurleren bueltan. Irakurle klub baten modukoa da?

Klubetik desberdinduko lukeena da ez garela fisikoki elkartzen, eta bakoitzak bere etxetik edo nahi duen tokitik parte hartzen du. Bilgunea esango nuke gehiago dela. Gehienbat, webgunearen inguruan biltzen garelako iritziak bidaltzeko, bai eta gure arteko harremanak bideratzeko... Saria aukeratzea tokatzen denean ere akademiakideek botoa webgunearen bidez ematen dute. Bilgune bat da. Akademiakideei eskatzen dieguna da iritziak bidaltzeko irakurtzen joan ahala. Eta gero, botoa ere eman dezatela.

Baduzue webgunea eta aldizkari a. Harpidedunek etxean jasotzen dute aldizkaria eta webgunean bertan ere edukiak aurki daitezke. Eta irakurlearentzat eta, batez ere, idazleentzat oso interesgarriak diren iruzkinak. Pentsatzen dut idazle batzuek horregatik bakarrik webgunera sartzeko tentazio hori izaten dutela.

Bai, bai, bai. Izaten dute, eta gehiago esango dizut: bozketa txandan egon da idazle bat jakin nahi zuena ea bere liburuak boto aleren bat jaso ote duen. Pentsa! Interes hori badago. Azkenean, iritziak dira, eta batzuek esaten dute: “Hau gomendioa da?”. Eta guk beti esaten dugu idatzitakoa dela iritzi bat. Akademian izena eman edo ez, zalantzan dauden horien kezka, askotan, izaten da ea mailarik ba ote duten. Eta ez da mailarik behar. Behar den bakarra irakurtzea da. Eta ondoren, iritzia eman: “Niri liburua gustatu zait, ondo pasatu dudalako” edo “ez zait gustatu, zaila egin zaidalako”... Ez dugu besterik eskatzen.

Lehenengo edizioetako batean Koldo Izagirrek jaso zuen saria. Asteasun izan zen. Adierazpenean, esan zituen gauza interesgarri askoren artean, adierazi zuen sari horrek sari bat merezi zuela. Idazleek estimu handian duten sariketa dela, alegia.

Asko estimatzen dute. Eta, gainera, aipatzen dutena da bozketan hainbeste irakurlek parte hartzea bozketan. 200 irakurle daude oraintxe. Urtero guztiek ez dute parte hartzen, badakigulako bizimodua nolakoa den orain. Baina badago oinarri bat, eta irakurleen onarpen hori jasotzea garrantzi handikoa da.

Argitaletxeak ere sariketa honen zain izaten dira, saritutako liburuak bultzadatxo berria izan dezakeelako liburu-dendetan. Hori zuentzako ere garrantzitsua da.

Guretzat oso garrantzitsua da hori; azkenean, balioa ematen dio. Akademiakide ez den eta bozketan parte hartzen ez duen irakurle batek hori ikusi eta pentsa dezakeelako irakurleek hori saritu dutela. Hau da, bere pareko batek dioen zerbait dela. Ba, beharbada, hori da liburu horretara bultzatzeko motibo bat. Beste sariak gutxietsi gabe, noski, baina, azkenean, 111 Akademiarena irakurlearen pareko batek emango lukeen zerbait bezala.

Eskualdean sorburua duen akademiak badu ibilbide bat, ospe bat literatur mundutxo honetan. Baina ezin ukatu ekimenak bere mugak izan dituela. Nondik ikusten duzue muga hori? Sustapenean? Nola zabaldu daiteke ekimena?

Gure arazorik handiena egonkortasun falta da.

Finantzarioa?

Hortik hasita, noski. Urtea joan urtea etorri giza baliabideetan minimo batzuk bermatzerik izango ote duzun ez jakitea... Hori egonkortasunerako traba bat da, dudarik ez dago. Urteko aurrekontua daukagu guk, eta dirulaguntza sistema honekin ez dugu esaterik lauzpabost urtetarako aurrekontu bat izango dugunik.

Urtetik urtera bai, baina hortik aurrera bermerik ez.

Hori da. Eta urte hauetan guztietan urtero-urtero hutsik egin gabe iraun duen bakarra sariketa bera izan da. Zeren eta webgunea gerora sortu zen, 2006an. Eta aldizkaria 1999an sortu zen, 2012an desagertu eta 2015ean berriro hasi... Gorabehera askorekin.

Ibilbide honetan saridunen zerrenda erreparatuta, euskal literaturaren izen handiak topa ditzakegu: Saizarbitoria, Lertxundi, Atxaga, Uribe, Cano... Badaude beste batzuk, hala nola Lourdes Oñederra. Idazle oparoa izan gabe ere saria irabazitakoa baita. Mikel Peruarena Berria-ko kazetari bikainak Su zelaiak eleberriarekin saria irabazi zuen. Saridunen artean ez dago patroi bakarra...

Ez, eta nik uste dut horrek egiten duela proiektua hain polita izatea. Sorpresak eramaten dituzulako. Gogoan dut Mikel Peruarenaren liburua irakurri nuenean zoragarria iruditu zitzaidala. Baina nik beti irakurtzen dut filtro horrekin, eta ez zuela inondik inora saria irabaziko pentsatzen nuen. Eta izugarrizko sorpresa hartu nuen.

Aurten ere, urrutira joan gabe, antzeko egoeran gaude, Pello Lizarralderen Argiantza nobela gainditu baita. Nobelaren kanonei begira, gainera, orrialde gutxikoa da. Oso heterodoxoa da epaimahaikideen profila, ezta?

Bai, bai. Gainera, Pello Lizarralderen kasuan, oso-oso polita izan da, zeren eta udazkenean aldizkarian elkarrizketatu genuen. Eta kazetariak galdera egiten zion, hainbeste estimulutara ohituta gauden garaiotan, bere lanek pausa modukoa dakartela. Eta berak erantzun zuen lagun batek esan ziola: “Hik arazo bat daukak, hik liburuak aurkezterakoan, ez daukak abenturarik. Orduan nola aurkeztu behar dituk nobelak?”.

Itxuraz ez delako ezer gertatzen.

Hori da. Bere liburuetan ez dago hilketarik, ez dago gertaera dramatikorik. Ez dago halakorik. Berak oso garbi dauka berak ez duela abentura eta gertaera gorabeheratsu horietan sartu nahi, ez duela halako libururik egin nahi. Askotan ez dakigula oso ondo zer nahi dugun, baina jakiten dugula oso garbi zer ez dugun nahi eta berak badakiela hori ez duela nahi. Eta, gainera, bere bidea hori dela, eta badakiela badituela irakurle batzuk hori estimatzen dutenak. Eta bera horrekin konforme dago. Eta hori esan eta gero saria irabaztea... Oso gauza polita izan da.

Era berean, aurreko urteko irabazlea Karmele Jaio izan zen. Erabat mainstream, salmentei begira. Oro har, irakurle askok eta askok famatu duten eleberria izan da. Gerta daiteke iaz Jaioren aldeko botoa eman duenak aurten Lizarralderi eman izana.

Bai, bai, eta horregatik da hain inprebisiblea. Hainbeste irakurle dituzunean, eta profila oso-oso ezberdina denean... Oso jende ezberdina dago taldean. Halako gauzak gertatzen dira, eta uste dut hori proiektuak duen xarma dela.

Inpresioa daukat literaturak eusten diola industria gutxieneko bati. Liburuak argitaratzen dira, salmenta batzuk egon badaude edo argitaletxe batzuek, behintzat, franko saltzen dute. Musikagintzan, aldiz, fisikoa baino gehiago irudia eta eta streaming-a nagusitu dira.

Erabat ados. Liburuaren kasuan, orain urte batzuk, bazirudien digitala bazetorrela, baina hori atzeraka joan da berriz. Liburutegietako arduradunekin hitz egiten dut eta digitalak ez du izan orain dela urte batzuk espero zen indarrik. Estankatu samar dago, eta, esaten didatenez, maileguan berriz ere papera indartzen ari da. Neronek elektronikoa erosi nuen eta asko irakurri izan dut, baina konturatzen naiz nahi gabe paperean irakurri eta liburu bat itxi, apalategira joan, utzi eta “orain zein?” aukeratu iristen den une hori ordezkaezina dela.

Liburutegiak aipatu ditugu, eta irakurle klubak ere aipatu behar ditugu. Zer-nolako esperientzia izaten ari da zuretzat? Oker ez banago, batean baino gehiagotan zabiltza.

Hiru taldetan nabil oraintxe. Neronek galdetzen diet ea liburu amaitu osteko solasaldia idazlearekin edo idazlerik gabe nahi duten eta guztietan idazlerik gabe egitea aukeratu dute. Nahiago dute idazlea aurrean ez dela liburua komentatu. Lotsa, erreparoa... “Lasaiago arituko naiz idazlea parean ez badaukat, bestela etorriko naiz bera entzutera'”, horrelakoak adierazten dizkidate.

Irakurle klubarena gure proiektuaren baitan bete-betean sartzen den jarduera da, gakoa irakurleari hitza eta protagonismoa ematea baita.

Irakurle klubetan eleberri beraren inguruan oso interpretazio ezberdinak egitera iritsi gaitezke.

Oso. Aurreko batean egon nintzen Alegiko institutuko irakasleen irakurle taldean, eta, Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberriaz ari ginela, nik proposatu gabe, partaideak eleberriaren etorkizuna imajinatzen hasi ziren. Batzuek esaten zuten bikoteak terapiara joan beharko zuela, beste batzuek banandu egingo zirela. “Guk idatziko dugu bigarren zatia!”, zioten. Jendea inplikatzen da hainbeste... Eta hori oso polita da.

Sari batek badauka injustiziatik ere. Ezin ukatu hori. Zerorrek ezagutu dituzu saririk gabe geratu diren liburu interesgarri batzuk. Ba al duzu eleberriren bat bereziki gogoan?

Eleberri bat ez, baina ez dakit zer gertatzen den Alberto Ladron Aranarekin. Sartzen bazara gure webgunean, haren liburuek dituzten iritziak asko eta oso onak dira. Baina gero... Eta badakit asko irakurtzen diren liburuak direla, salduenetakoak direla. Horrek nauka intrigatuta.

Udan gaude. Eta jende askok udan irakurtzeko denbora gehiago izaten du. Akademiakide izateko oso aukera ona da, bide batez.

Oso aukera ona da. Askok aitortu digute akademiakide egin direla euren buruak euskaraz irakurtzera behartzeko. Irakurtzeko ohitura beste hizkuntzetan badutela, baina konpromiso hori hartuta behartzen dute euren burua urtean, gutxienez, hiruzpalau euskaraz irakurtzera. Eta bai, uda, zer esanik ez, oso momentu ona da irakurtzeko.

Zorterik onena, Amaia, eta ea beste hogeita bost urtez jarraitzeko aukera duzuen.

Irakurketa sustatu nahi dugu. Hemen daukagun arazoetako bat da euskaraz hasi nahian dabilen irakurlea galduta dagoela. Joaten da liburutegira eta aukeratzen du, demagun, Lagun izoztua. Sekula euskaraz libururik irakurri ez duen batek. Eta normalena litzateke atzera egitea. Ez daukalako ohiturarik. Hor hutsune bat dago. Nondik hasi ez dakien irakurle horrentzat gida modukoa falta dela uste dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!