Erremontea

Imanol Ansak buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko du Endika Barrenetxearen aurka

Aiurri 2021ko abu. 31a, 11:45

Urnietarrak 17 tanto egin behar zituen finalerdietara igarotzeko; hori gutxi balitz, garaipena eskuratu zuen Barrenetxea hernaniarraren aurka (30-28). Aurkari berarekin lehiatuko da Ansa larunbatean, finalaurreko partidan. 

Urnietarrak eta hernaniarrak norgehiagoka parekatua jokatu zuten Galarretan. Amaierararte emozioa izan zen nagusi, nahiz eta markagailuko balantza boladaka aldatu egiten zen. 

Partiduko lehen maldan Ansak segurtasun eta eraso hobea erakutsi zuen, markagailuan 7 tantoko aldea lortuz. Abiada eta kalitate handiko tantoak nagusitu ziren ikusleen gozamenerako. Ansa denbora luzez aurretik egon zen arren, gutxinaka hernaniarra gerturatzen hasi zen 17. tantoan berdintzeraino. Memento hartatik aurrera, balantza oso parekatua izan zen, edonork irabaz zezakeen. Azken txanpan, urnietarrak tanto hobeak jokatu zituen eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen, batez ere maila pertsonalean. 

Gauzak horrela, larunbateko norgehiagoka berezia izango da: batetik, Ansak buruz-buruko lehen finalera sailkatzeko aukera edukiko duelako; bestetik, ligaxkako partida bera jokatuko duelako eta elkar oso ondo ezagutzen dutelako. Esanak esan, partida ikusgarria eta emozioz beterikoa izatea espero da. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!