Joseba Otaegi zizurkildarra indartsu Euskal Herriko Pentatloian

Aiurri 2021ko ira. 7a, 12:16

Joseba Otaegi, harriarekin lanean (Uztarria aldizkaria)

Zizurkildarra nahiko aisa nagusitu zen Azpeitiako zezen plazan igandean jokatu zen lehen kanporaketan, pentatloirako bikain prestatu den kirolariaren irudia eman eta gero. Bere espezialitatea den aizkoran ez ezik beste lau probetan ere bizi-bizi eta arin-arin aritu zen, irailaren 25eko finalerako hautagaitza sendoa aurkeztuz. Otaegirekin batera Aritz Irazabal, Gorka Etxeberria eta Beñat Amade sailkatu ziren Azpeitian, datorren larunbatean jokatzekoa den bigarren kanporaketarako. Lauek Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V izango dituzte lehiakide. Hamabi horietatik sei sailkatuko dira irailaren 25eko finalerako, eta orain arte ikusitakoaren arabera, eskualdeko Otaegi eta Gabirondo tartean izango dira, podiumera igotzeko borrokatik gertu gainera.

Honako lanak egin zituzten Azpeitiako zezen plazan, lehen kanporaketan: harriari zortzi jasoaldi; giza proban, plaza bat; aizkoran, kanaerdiko bat ebaki; txingekin, hiru plaza; eta korrika, kilometro bat (zezen plazari hamar itzuli). Hona sailkapena:

1.- Joseba Otaegi (11:31).

2.- Aritz Irazabal (11:53).

3.- Gorka Etxeberria (13:10).

4.- Beñat Amade (13:18).

5.- Jon Unanue Goenatxo III (13:50).

6.- Ousman Drame (16:23).

7.- Daniel España (17:04).

8.- Unai Ardeo (19:21).

ETB1k zuzenean emititu zuen lehia, eta geroztik ikusgai dago EITB nahieran, osorik, Joseba Otaegik saioa bukatu ostean egindako adierazpenak barne.

 

Larunbatean, bigarren kanporaketa

Irailaren 11ko bigarren kanporaketan, harriarekin eta aizkorarekin gogortuko zaizkio probak hamabikoteari. Hain zuzen, honako lanak egin beharko dituzte: harriari hamar jasoaldi; giza proban, plaza bat; aizkoran, kanaerdiko bat eta 45 ontzako bat ebaki; txingekin, hiru plaza; eta korrika, kilometro bat (zezen plazari hamar itzuli).

Hilaren 25eko finaleko sei postu izango dituzte jokoan, esan bezala. Egin beharreko lanak: harria 25 aldiz jaso; giza proban, bi plaza; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; txingekin, sei plaza osatu; eta korrika, hiru kilometro (plazari 30 itzuli).

Finalaren egunean emakumeak ere izango dira lehian; Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III, eta, Lucia Orbe arituko dira norgehiagoka. Harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Irailaren 11 eta 25erako saioetarako sarrerak salgai daude, dagoeneko; interesatuek Azpeitiako Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan eskura ditzakete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!