Barrenetxeak esperientzia eta sakea baliatu zuen Ansa menderatzeko (23-30); urnietarra urduri zegoen eta jokoan argi ikusi zen. Hasieratik aurkaria menderatu ezinik ibili zen Ansa eta hernaniarrak buru askorekin jokatuta 11 tantoko aldea eskuratzera iritsi zen. Nabarmendu beharra dago, Ansak bere jokoa erakutsi ez zuen arren, gogor saiatu eta markagailua txukuntzen hasi zela. Dena den, partidoan emozio falta nagusi izan zen, gatzik gabeko finalerdia bilakatuz.
Barrenetxeak esperientzia handia du txapelketetako partidu erabakigarrietan eta, batzuetan, tentsio lagun izaten du guztia eman behar denean. Ansa, berriz, oraindik gaztea eta esperientzigabea da, nahiz eta maila izugarria duen pilotaria izan. Oraindik asko du ikasteko, baina argi dago datozen urteetan zer esana emango duen pilotaria izango dela.