Plax Andoain

“Laztanen” trukea

Aiurri 2021ko ira. 16a, 10:31

Laztanen atea. Nexu2021

HARREMANEN INSPEKZIO TEKNIKOA

Sare afektiboko kideak errekonozitzeko, haiekin emozionalki konektatzeko edota beraiek gure bizitzetan duten garrantzia balioan jartzeko unitatea, “laztana” da (Berne, 1971) eta honek forma ugari har ditzake.

Positiboak direnean, laudorioak, mezuak, irribarreak, adar-jotzeak, oparitxoak, besarkadak, begiz kiñu egiteak, kontutan hartzea bestearen gustuak, ukalondoekin topa egitea eta abar izaten dira. 

Gure lurraldean nahiko xurrak izan gaitezke laztanak eskaintzean eta esker txarrekoak jasotzean. Are eta garrantzitsuagoa da honetaz ohartzea,baita afektuen krisi honen erdian bizi ditugun baldintzak kontutan hartzea ere. 

Tradizionalki, uste zurrun batzuk baldintzatzen dute ematen eta jasotzen ditugun “laztan” hauen trukea. Ematen ditugunean, zaurkor senti gaitezke, besteak ondoren gutaz gehiegi itxarongo duenaren beldur izan, berataz zerbait espero dugula pentsatuko ote duen kezka izan, “ñoñoak” garela sentitu, harremana erotizatzen ote ari garen pentsatuko ote duen beldur izan...

Jasotzerako orduan ere ez gara oso iaioak izaten. Apaltasunez erantzun behar dela irakatsi digute, ez onartzeko erreakzio azkar eta baztertzaileak automatizatu ditugu sarri. Bestetan, ez ditugula merezi uste dugulako gaitzesten ditugu, baita menpeko bihurtuko gaituenaren beldur izan gaitezkeelako ere. 

Gainera, arreta keinu horiek behar ditugunean, ez eskatzeko agindua geureganatua izan dugu. Pentsa genezake espontaneoa denean soilik duela balioa, eskaera gure kontra erabili dezaketela  edo indartsuak izan behar garela beti eta guztiekin.

Logika bera jarraituta, norberari eskainitako hitz goxo, laztan fisiko edo auto-balorazioak ez dira modu onez ikusten ere. 

Azkenik, haritik tiraka, hitz negatiboak, mespretxuak eta egoera desatseginak jasatera gonbidatzen gaituzte sarri, eta  horiek egiaren eta erresistentziaren ideiari lotzen dira.

Maite ditugunak zaintzeko, matematika hauek oso eskasak dira, eta ideia hauetako bakoitzari buelta eman eta kontrakoa egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Izan gaitezen eskuzabalak besteei  laztanak eskaintzen, baita gure buruaz ari garenean ere. 

Ez ditzagun filtratu  tratu onetatik iristen diren mezuak, arretak edo kontaktuak. Izan gaitezen ausartak, zintzoak eta esker onekoak! 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!