Erremontea

Barrenetxeak buruz buruko bigarren garaikurra eskuratu du

Aiurri 2021ko ira. 15a, 10:30

Hernaniarrak norgehiagoka ikusgarria jokatu zuen Urriza ahalguztidunaren aurka eta zortzigarren txapela eskuratzeko aukera gabe utzi zuen (30-24). 

Norgehiagoka parekatua izan zen eta tanto ikusgarriez gozatzeko aukera eduki zuten ikusleek. Lehen tantoetan Urriza nabarmen gailendu zen bost tantoko aldea ateratzeraino; baina partidak aurrera egin ahala, partidua orekatzen hasi zen. Barrenetxea azken hilabeteetako entrenamenduen emaitza erakusten hasi eta bizpahiru tanto gorabeherako lehia bizia hasi zen. Hala ere, 20. tantotik aurrera, Barrenetxearen gidaritzapean joan zen markagailua eta bi pilotarien arteko aldea handitzen hasi zen. Partidaren amaieraldean, Urrizak huts egiteko gehiago egin zituen eta Barrenetxeak bere jokoari eutsi zion; azkenean, garaipena hernaniarrak eskuratu zuen. 

Partida uste baino gehiago luzatu zen 76 minutuko iraupenarekin eta 227 pilotakada eman zituzten. Markagailuaren zenbaketa honakoa izan zen: 5-0, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-9, 9-9, 9-11, 10-11, 10-13, 12-13, 12-14, 13-14, 13-17, 14-17, 14-21, 15-21, 15-24, 19-24, 19-26, 23-26, 23-28, 24-28 eta 24-30.

Endika Barrenetxea: "Txapela lortzearen gakoa entrenamenduak izan dira"

"Buruz buruko txapela irabaztean bururatu zaidan lehendabiziko gauza da, honaino iristen lagundu didaten guztiak dira. Gaur egindako partidua perseberantziarena izan da. Azkenengo bi asteetan 800-1000 sake eta bote laster egin ditut. Izugarri entrenatu dut garaipena eskuratu ahal izateko. Aritzen gomendioak ere ezinbestekoak izan dira; ez dit erlaxatzen utzi, tentsioan mantendu nau eta partidan guztia emateko esaten zidan".

 

Javier Urriza: "Pilota azkarrago mugitzeaz gain eta sakeekin min handia egin du"

"Partida sentsazio onarekin hasi dut. Lehen tantoetan pilota ondo mugiarazten nuen, baina ontzat eman duten falta bategatik konzentrazioa galtzen hasi naiz; azken finean, tanto bat kendu eta berari eman diote. Segurtasuna galarazten dizun tantoa kontuan hartu beharrekoa da, nigan eragin handia izan du. Memento hartatik aurrera, hobeto jokatzen hasi da Barrenetxea, sakeekin min handia egin du eta nire gainetik igaro da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!