"Zulora" programa berria abiatzear da

Aiurri 2021ko ira. 26a, 09:00

Gazteak eta Eitb-k programa berria iragarri dute. Sarean zabalduko da, Gaztea-ren zein EiTBren bitartekoen bidez, eta Hiru Damatxok ekoitzi du. Lehen atala irailaren 30etik aurrera izango da ikusgai.

"Zulora" Ane Zuazubiskarrek aurkeztutako eztabaida-saioa da. Pil-pilean dagoen gai bat hartu eta horren bueltan zeresana duten hiru gazte elkartuko ditu, haien kezkak eta bizipenak konpartitu ditzaten. Hiru sekzio izango ditu programan:

Zulotik at. Julen Portillo tiktoker eta umoregilea kalera aterako da, saioan jorratzen diren gaien inguruan kalean dauden iritziak jaso asmoz.

Hesteetatik Larri. Animazio esketx laburra izango da, komunean dagoen pertsonaia baten burutazioak eta gertakariak jasoko dituena.

Bota! Atal bakoitzean aditu batek mahainguruan lantzen ari den gaiaren inguruko bere ikuspuntua emango du.

"Matxismoaren sarean", lehena

Emakume gazteek sarean bizi dituzten zapalkuntza forma ezberdinak izango dira aztergai. Maialen Arteaga kazetaria, Marina Landa ikerlaria eta Irati Erauskin psikologoa izango dira gonbidatuak. Estibaliz Linares ikerlariak egingo du ekarpen osagarria.

Zulora sare sozialetan jarraitzeko: Instagram: @zulora_ / Twitter: @zulora_ / Facebook: Gaztea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!