Antza denez, DBHko 12 urtetik gorako ikasleak maskararik gabe egon ahal izango dira jolas garaian. Horixe da protokolo berriak dakarren aldaketa garrantzitsuena, EAEn osasun-larrialdia desaktibatu ondoren. Aldiz, 12 urte azpikoen kasuan, ikasleek uneoro maskara erabili beharko dute. Hedabideetan zabaldutako argudioen arabera, arrazoia izan daiteke 6-12 urteko adin-tarte horretan oraindik ez delako txertorik jarri.
Protokolo horren albistea zabaldu eta berehala agertu dira haren aurkako ahotsak.
Steilas sindikatuak ez du onartu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2021/22 ikasturterako covid-19aren aurkako prebentzio-neurrien protokolo berria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ostiral honetan jakitera eman duena, eta berriz aztertzeko eskatu dio. Espazio irekietan maskararik ez erabiltzeko eskatu du. Kritiko agertu da Hezkuntza Sailarekin: “Berriro ere, Hezkuntza Sailak bere kabuz hartutako neurri tamalgarri horiek ez dute inolako egoerarik aldatuko eskoletan".
Haurrak ere bai! Mugimendua neurriaren aurka agertu da. Sare sozialetan zabaldutako mezuan irmo agertu dira, musukoaren erabileraren aurka: “Haurrak babestea guztion erantzukizuna da. Haurrak maskararik gabe egon daitezke eta egon behar dute kanpoko espazioetan, helduak bezala. Aski da. Lagunak, gurasoak, gurasoak, tutoreak eta hezitzaileak planto egiten dugu. Ez dugu onartuko, ezin dugu onartu!! Haurrak ere bai!!”.