Buruntzaldeko ibilbideen eguna, igande honetan

Alba Cabrera Jauregi 2021ko urr. 15a, 10:32

2020ko edizioa bertan behera gelditu zen, pandemia dela eta. Osasun-alarma egoera amaituta, eta egoera epidemiologikoak nabarmenki hobera egin duela ikusita, urriaren 17an antolatuko da XIII. edizioa.

Pozik agertu zen Jorge Segurado Urnietako alkatea aurkezpen egunean: “Aukera paregabea da gure herriko ibilbideak ezagutzeko, baita naturarekin harremanetan egoteko ere. Oso interesgarria da proiektua”. Ingurumenaz eta aisiaz gozatu nahi duen ororentzat zuzendutako hitzordua da: jarduera fisikoa egiteko, batetik; eta, bestetik, eskualdeko landa-ingurune naturala ezagutzeko. Hori horrela, eskualdeko mendiguneetan ibiltzeko aukera izango dute herritarrek, baselizetan, baserrietan zein basoetan barrena.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude.

Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zutoinak egongo dira. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio koloreak aintzat hartuz daude ipinita.

Seinaleak eta koloreak, herriz herri

Zehazki esanda, aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira:

Andoain-Lasarte-Oria. Buruntza mendia zeharkatuz (edo gailurra eginda). Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez egin daiteke  soilik eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Urnieta. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Usurbil. Andatzatik barrena, ibilbide luzeena da. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Urnieta. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km.ko luzera du (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Bus-zerbitzua, mendi-irteera egin dutenentzat

Bus zerbitzua ere martxan egongo da parte hartzaileentzat, eguerdiko 12:00etan Aginagako Ezpaldiko Gasolindegian hasita. Azken busa arratsaldeko 14:00etan irtengo da. Honako ibilbide hau egingo du autobusak: Aginaga (Ezpaldiko Gasolindegia), Usurbil (San Ignazio biribilgunea), Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunea), Andoain (Goikoplaza atzealdea) eta Urnieta (Kiosko geltokia).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!