Maiatza amaieran hasi eta herriz herri, eskualdez eskualde eta herrialdez
herrialde martxan izan den dinamika honekin ekimen kate izugarria osatu du Sare Herritarrak
“Ibilian- Ibilian, etxerako bidean!” lelopean. Azken ekimena urriaren 23an izango da; manifestazio orokorra hain zuzen. Donostian egingo dute, Antiguatik abiatuta, arratsaldeko 17.00etan.
"Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara, buru-belarri, hasitako bideak etenik izan ez dezan, erdibidean gera ez gaitezen eta, berandu baino lehen, amaieraraino garatu dezagun."
Horretarako, bi aldarri nagusiren baitan dihardute lanean: euskal preso guztien euskalherriratzean eta graduen progresioan. Hori da, hain zuzen, hurrengo hilabeteetan ahalbidetu nahi dutena; euskal herritarrak diren heinean zigorra bertako espetxeetan betetzea, eta, presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituta, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea.
"Etorkizunari ateak zabaltzeko unea iritsi da, probestu dezagun, ibilian, ibilian
egin dezagun etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea."
-