Amasamendiko hondakindegia erretiratu egin dute

Aiurri 2021ko aza. 3a, 13:55

Amasa-Villabonako Udalak Urzain taldearekin batera natur-guneen garbiketarekin jarraitu du azken asteetan, eta tartean, aspalditxoan Amasamendian, Andoaingo mugetatik gertu zegoen hondakindegi arriskutsu bat garbitu dute.

Hondakindegia Amasa-Villabonako eta Andoaingo udalerrian mugetan zegoen, Mandabidetako bidegurutzearen eta Txertuetaren artean hain zuzen, eta mota desberdinetako hondakinak pilatuta zeuden bertan (hildako animaliak, kimaketako hondakinak, obra hondakinak…). Hondakin arriskutsuen artean, aipatzekoa da amiantozko uralita ugari zegoela. Hori dela eta, bilketa eta kudeaketa berezia egin behar izan dute, Eusko Jaurlaritzak egiaztatutako enpresa baten bidez. Udalak 5.989,50 euro bideratu ditu hondakinen bilketa berezi hori burutzeko.

Gipuzkoako Aldundiko basozainek hondakindegi horren inguruan jarraipen berezia egin zuten iaztik aurrera, eta horrela, jakin zuten Andoainen abiapuntua duen bidea hartzen zutela hara hondakinak uztera joaten ziren pertsonek.

Bestalde, Amasa-Villabonako Udalak Andoaingo Udalari hondakindegiaren berri eman zion, eta azken honek bizilagunekin informazio bilerak antolatu ditu azken aldian. Horrekin batera, Andoaingo Udalak hondakinak uzteko debekua adierazten duen kartela ere ipini du Amasamendiko Andoaingo eremuaren sarreran.

Amasa-Villabonako Udalak egindako argazki sortak garbiketa pausoz-pauso agertzen digu:

 
 
 
 
 
 
 

Garbiketa kanpaina Amasa-Villabonan

Amasa-Villabonako Udalak Urzain taldearekin batera natur-guneen garbiketarekin jarraitu du azken asteetan, eta hain zuzen, urriaren 18tik 22ra doan astean, aurreko hilabeteetan garbitutako eremuak errepasatu dituzte (Oria ibaiaren ibilgua besteak beste) eta, gainera, ibai bazterrak garbitzen jarraitu dute Beilatokitik Agaraitz industrialderaino) eta Sacem-etik Zizurkilgo mugaraino eta Ubegun industrialderaino.

Gaika sailkatu dituzte hondakinak (guztira 401,245 kg.): plastikoa (31,975 Kg), plastikoa botilak (3,86 kg.), plastiko gogorra (97,96 kg.), papera (2,925 kg.),beira,. (12,72 kg.), errefusa (7,78 kg.), arropa (28,17 kg.), metala (65,13 kg.), egurra (53,845 kg.), obra hondakinak (28,83 kg.), hondakin elektronikoak (11,865 kg.), pneumatiko/kautxo hondakinak (6 kotxe gurpil) (40.42 kg.), pilak (0,075 kg.), poliespana (0,99 kg.), kristala/zeramika (0,515 kg.), musukoak (0,115 kg.), toallitak (6,15 kg.), fitosanitarioak (2,73 kg.), kotxe olioa (0,6 kg.) eta beste batzuk 5,58 kg.).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!