"Euskaraz izango gara" lemapean euskararen eguneko lehiaketa

Aiurri 2021ko aza. 10a, 09:55

Euskaraz izango gara lema aukeratu du aurten Danobatgroup kooperatiba taldeak Euskararen Nazioarteko Egunaren lehiaketarako. Lehiaketa kooperatibak lantegiak dituen herrietakoei zuzenduta dago.

Orain 21 urtetik hona ari da kooperatiba taldea bere egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta aurten, 2021-2024 plan estrategikoa diseinatu eta euskara planeko erronkak eta helburuak ere onartu dira. Euskaraz izango gara lemak modu argian jasotzen du kooperatiba taldearen erabakia eta konpromisoa.

Zer da Danobatgroup?

Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Goiti, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea.

Euskaraz izango gara da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan...

Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek.

Aurten, aurreko urteetako bidea jarraituz, Danobatgroupek lantegiak dituen herrietako herritar guztiengana iritsi nahiko luke euskararekiko duen konpromisoa ezagutzera emateko Euskararen Eguneko lehiaketaren bidez.

Lehiaketan parte hartzeko:

https://info.danobatgroup.com/euskara/lehiaketa-2021.html

Erantzunak Danobatgroupeko webgunean aurkitu ahalko dira. Horretaz gain, industria arloan euskararen erabileran laguntzen duen hitz teknikoz osatutako hiztegia eskura dago: https://www.danobatgroup.com/eu/euskara. Hiztegian sartzeko hitz berriren bat proposatzeko aukera ere ematen du.

Azaroaren 30era arteko epea egongo da lehiaketan parte hartzeko, eta abenduaren 3an erantzun zuzena eman dutenen artean sari hau zozkatuko da: gaua eta gosari ederra bi pertsonarentzat Bizkaiko zuhaitz-etxe batean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!