Martin Ugalderen hitzak, euskarri digitalean

Aiurri 2021ko aza. 11a, 14:24

Gaur mendebete, hain zuzen ere, 1921. urteko azaroaren 11n jaio zen  Martin Ugalde Orradre idazle, kazetari politikari andoaindarra Bastero etxean. Hala, hura omentzeko bi ekimen berezi antolatu dira gaur goizean autorearen izena daraman kultur-parkean. Batetik, Jakinek egindako digitalizazio- eta sareratze-lanen aurkezpena izan da. Bestetik,  egun osoko “Itzulera baten historia” liburuaren irakurketa jarraiari eman zaio hasiera. Senitartekoez gain, makina bat eragile eta erakundeetako ordezkari bertaratu dira hitzordura.

Iragan mendeko 90. hamarkadan ekin zion Jakin erakundeak digitalizazio-prozesuari, baina gaur ikusi du argia lehenengoz proiektuak. Orotara, 2049 lan erregistratu dira: horietatik 1.662 Ugaldek berak idatziak dira. Gainontzekoa, 387, bai Ugaldez, bai bere ekarpenaz mintzo diren piezek osatzen dute. 

Jakinen atari digitalean dago ikusgai, “Euskal pentsamendua” atalean, beste hainbat autoreren ondoan (Santamaria, Txillardegi, Azurmendi...). Joan Mari Torrealdairen hitzak gogora ekarri ditu Lorea Agirre erakundeko zuzendariak aurkezpenean, Ugalderen obrak autobiografiatik asko duela azaltzeko: “Martin Ugalderen kezkak, egindakoak, oro har, bizitza ezagutzeko modu eder bat da bere obra”. 

Hala, Maider Lainez Andoaingo alkateak ere hartu du hitza, herriaren izenean esker ona adierazteko. “Ondare hori guztia gizon aske batek ondu zuen aske nahi zuen gizarte batentzat, eta, eskuzabaltasun osoz, Andoain, bere sorterria, izendatu zuen ondare horren zaindari”. Hori horrela, gaurko egunez, jaiotzaren mendeurrenean, Ugalderen ekarpen osoa herritarren esku utzi da, makina bat hamarkadaren kronika sakona idazlearen begietatik ezagut dezaten. 

 

Irakurketa jarraitua

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!