Zer ikusi, hura ikasi

Alba Cabrera Jauregi 2021ko aza. 22a, 16:00
Amonarriz, Urkijo eta Gisasola Donostiako Koldo Mitxelenan elkartu ziren kanpainaren berri emateko.

Haurrekin harremana duten helduen hizkuntza praktiketan eragin nahi du “Haurren aurrean, helduak heldu” ekimenak. Aiztondo bailarako zenbait herrik eutsi diote erronkari eta Tolosaldea eskualdean jardungo dira ekimenean

“Haurren aurrean, helduok heldu” ekimena jarri du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren barnean. Herritarren arteko mintzapraktika izango da, eta hizkuntza-ohituretan eragitea du xede azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko den egitasmoak. 

Haurrak erdigunean kokatu nahi ditu proiektuak; ez dira, ordea, protagonista izango. Izan ere, umeak gertu dituzten helduak (guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta abar) dira erronka honetan parte-hartzaile nagusi, beren hizkuntza-praktikak aldatzeko, batetik, eta, bestetik, euskararen erabilera sustatzeko. Euskal Herri osoko 80 herrik baino gehiagok antolatuko dute ariketa praktikoa.

Hori horrela, egitasmoa iragartzeko bildu ziren iragan astean Koldo Mitxelena Kulturunean hainbat eragile: Goiatz Urkijo “Haurren aurrean, helduok heldu” ekimenaren koordinatzaileak ireki zuen hitzordua. Jarraian, hitza eman zion Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariari, baita Arrate Gisasola EBETEko  (Euskararen erabilera sustatzeko zerbitzua) kideari ere. 

Joan den urtean egin zenez gero, hurrengo urtera arte itxaron beharko dute herritarrek Euskaraldian berriro ere parte hartzeko. Nolanahi ere, euskara hauspotzeko bidean, hizkuntza-portaeretan eragiteko beste erronka bat izango dute asteotan.

Nola izan eredu

Helduei zuzendutako erronka da egitasmoa. “Baina zertaz ari gara helduez mintzatzean?”, dio Goiatz Urkijok, “hamasei urtetik gorako herritarrez, betiere, umeen hurbileko helduez”. Hala, gurasoei ez ezik, senideei, hezitzaileei eta lagunei ere dagokie erronkari eustea, “hurrengo belaunaldientzat eredugarri diren hizkuntza-portaerak sozializatzen” jarraitzea baitu helburu proiektuak, harik eta pausoz pauso jokabide horiek jendartean arau sozial bihurtu arte. 

Hari horri tiraka, hiru jarrerei eusteko proposamena luzatzen dute antolatzaileek, ekimenak irauten dituen bi aste horietan: batetik, euskaraz jardutea uneoro, solaskideek euskaraz dakitenean. Bestetik, lehen hitza beti euskaraz egitea euskara dakien kidearekin, izan ezagun, izan ezezagun. Eta, azkenik, elkarrizketa elebidunetan euskarari eustea, baita parekoak euskara ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituenean ere. 

Euskal Herriko hamaika herritan hartuko da “Haurren aurrean, helduok heldu” proiektuan parte hartzeko konpromisoa. Hori horrela, Urkijok aipatu lez, tokian tokiko beharretara moldatuko dute eragileek egitasmoa, ahalik eta eraginkorrena izan dadin txoko guztietan. Nork bere modura egingo badu ere, gutxieneko zenbait oinarri izango dira komunean. Azaroaren 15etik abenduaren 22ra bitarte gauzatuko da, eta auzoetan, herrietan zein hiriguneetan umeak eta helduak elkartzen diren espazio ez formalak identifikatuko dira.

Kontraesanekin amaitu

Ekimenean parte hartuko du Arrate Gisasolak. Zergatia azaltzeko, orain hiru urte egin du atzera: “Gaztetxo batzuekin euskal kantuan, jolasean genbiltzala, horrelaxe entzun nion bati: gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu ulertzen, guri euskaraz egiteko esan eta haiek zer darabilte?”. Bada, hitz horiek agerian uzten dute, Gisasolak adierazi duenez, helduen hizkuntza-portaerek haurrengan duten pisua: “Zein hizkuntzatan, noiz, norekin, zeri buruz egiten dugun ikasten eta entzuten dute”.

Umeek erabilera sozialaren eredu jakinak izatea ezinbestekotzat jo du EBETEko kideak: “Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu, sentitu eta bizi behar dute haurrek eta gaztetxoek”. Haren hitzetan, mezu kontraesankorrak ailegatzen zaizkie umeei, izan ere, euskaraz egiteko eskatzen diete askotan hala jarduten ez diren helduek. Horrela, erantzukizun partekatuari bide ematea interesgarria delakoan da ekimeneko parte-hartzailea, haurrak euskaraz hazi eta hezi daitezen: “Euskararen erabileran, helduok badugu zer egina eta zer esana. Haurren aurrean, helduok heldu”.

Finean, aserbititatez bezainbesteko enpatiaz egin beharreko erronka da “Haurren aurrean, helduok heldu” ekimena. Euskararen aldeko aldarrikapen kontzientea egiteko parada bermatu du Euskaltzaleen Topaguneak udazken honetan, ahalduntze-ariketa euskal hiztunen komunitatearentzat. 

"Aktibazio sozialik gabe ezin du euskarak aurrera egin"

Kike Amonarriz. Topagunea

 

Ariketa sozial baten proposamena da "Haurren aurrean, helduok heldu" egitasmoa. Uste dut guztiei pasa zaizuela: izenburua irakurri eta badakigu zertaz ari garen, ez dago dudarik. Haurren aurrean, helduok heldu, badakigu zertaz ari garen. 

Haurren aurrean. Haurrak dira erdigune, baina ez dira protagonista nagusi. Helduak heldu. Fokua hor daukagu, fokua helduengan jarri dugu, haurraren ingurunean mugitzen diren, garen helduak izango gara benetan ekimen honen protagonista. Haurren aurrean daudenean, gaudenean, behintzat. 

Ariketaren testuingurua anekdota batekin azalduko dut. Soraluzen benetan gertatutako pasadizoa da: haurrak herriko plazan jolasean, erdaraz. Inguruan, kafea hartzen ari diren gurasoak urduritzen hasi dira, eta bat joan da eta esan die: "Umeak, euskaraz egin!", eta umeak erantzun, "Ea! Guraso izatera ari gara jolasten!". Hortaz ari gara ekimen honetan. 

Askotan esan dugun bezala, eskola ez da nahikoa. Haurrek euskaraz egingo badute, eskola kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute, euskaraz egin behar zaie eta euskaraz egiten dela ikusi eta sumatu behar dute. Euskaraz dakiten gurasoekin, euskaraz dakiten gurasoek, euskaraz dakiten gurasoen artean. Gauza bera aisialdian monitoreekin, gauza bera beraiek inguratzen dituzten bestelako helduen artean. 

Euskaltzaleen Topagunetik oso gertuko pertsonak osatzen dugun Topalabea hausnarketa taldekoek, iaz kaleratu genuen "Berrindartu eta jauzi" txostena. Bertan, hala esaten genuen: hezkuntzan egindako lan erraldoiak segida izan dezan, eta gure haurren zein gazteen euskalduntze-prozesuan egin den ahalegin kolektibo ikaragarriak fruituak ematen jarrai dezan, hezkuntzan egin den eta egiten jarraitu behar den lanaz gain, lehentasunezko bi esparrutan jauzi handi bat eman behar da hurrengo hamarkadetan, hain zuzen ere, esparru sozioekonomikoan eta esparru ez formalean. Gaur egun, elkarte autonomoan eta Nafarroako iparraldean esan liteke 25 urte azpiko haurren eta gazteen ezagutzaren unibertsalizaziotik gertu gaudela eta Iparraldean eta Nafarroako beste zonaldeetan gero eta gehiago direla euskaraz dakiten gazteak. Funtsezkoa da, beraz, haurrei eta gazteei zuzenduriko eskaintzetan haurren eta gazteen testuinguruan jauzi handi bat ematea, eremu askotan defektuz eskaintza hori euskarazkoa izatea, eta beste zenbait eremutan euskarazko eskaintza biderkatzea. Testuinguru honetan kokatzen dugu "Haurren aurrean, helduok heldu". Oraingo honetan, Euskaltzaleen Topaguneak hartu du ekimenaren antolaketaren ardura. Oso garbi dugu euskararen biziberritze-prozesua batez ere eraldaketa sozialeko prozesua dela. Gizarte guztia ukitzen duen prozesu bat, eta herritarren atxikimendua eta aktibazioa ezinbestean behar dituena. Horrekin batera, noski, botere publikoen adiministrazioen eta gizarte eragileen babesa eta bultzada. Alabaina, aktibazio sozialik gabe, herriaren ekimenik eta atxikimendurik gabe, ezinezkoa da euskarak aurrera egitea, inertziak beti hizkuntza hegemonikoen alde egingo duelako. Hori dela eta, garrantzitsua da sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo, erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea. Horretara ere badator "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena. 

Hasiera indartsua emango diogu ariketa sozial berri honi, eta espero dugu, gainera, lehen ekimen honetara batu ezin izan diren herrietan eta auzoetan hurrengo hilabeteetan ekingo diotela ariketari, hala iritsi baitzaigu hainbat eskolatik herritatik eta auzotatik. Espero dugu hasiera aurten izatea eta jarraipena izatea hurrengo hilabeteetan nahiz urteetan. Hala bedi. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!